Bilbo

EH Bilduk COVID19aren krisiak merkataritzan eta ostalaritzan, gizarte-zerbitzuetan, etxebizitzan eta mugikortasunean areagotu dituen beharrei erantzuna emateko mozioak aurkeztu ditu

EH Bilduk aurkeztu dituen lau mozioen helburua da enpresa txikiak eta autonomoak diruz laguntzea, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea, alokairuko etxebizitzen merkatuaren burbuilaren aurka borrokatzea eta Bilbon mugikortasun jasangarriagoa eta osasungarriagoa lortzea

| 2020-05-20 12:31:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak lau mozio aurkeztu ditu datorren ostegunean, maiatzaren 28an, udal osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta honako gai hauek jorratuko dituzte: pertsona autonomoei eta Bilboko enpresa txikiei merkataritza-geldialdian beren gain hartu behar izan dituzten gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko zuzeneko diru-laguntzak; oinarrizko gizarte zerbitzuen plantilla indartzeko mugak baliogabetzea; alokairuaren merkatu pribatuaren prezioak erregulatzeko premiazko neurriak; eta espazio publikoa biregituratzea oinezkoen eta txirrinduen mugikortasuna sustatzeko.

"Gure mozio guztiak COVID 19ak sortutako krisiak Bilbon sortutako edo areagotutako beharrei erantzuteko dira; beraz, ahalik eta akordio gehien lortzea espero dugu, gure ekimenak aurrera ateratzeko, bilbotarrentzat oso garrantzitsuak direla kontuan hartuta", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak.

Autonomoentzako eta enpresa txikientzako zuzeneko diru-laguntzak

Horrela, mozio batean, EH Bildu Bilbo udal taldeak azterketa bat egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, ordenantza bat egin dezan, zuzeneko diru-laguntzen bidez, Bilboko autonomoei eta enpresa txikiei laguntzeko, txikizkako saltokiek, ostalariek eta hainbat gremiok osasun-alarmaren ondorioz merkataritza-geldialdian jasan behar izan dituzten ohiko gastuen zati bat ordaintzeko, hala nola, alokairuaren ordainketa, fakturazioan murrizketa edota salgaien horniduragatik izandako gastuak.

EH Bildu udal-taldeak proposatzen du azterlan hori gehienez ere bi hilabeteko epean egitea (2020ko ekaina-uztaila) eta, hori egiteko, laguntzaren xede diren sektoreetako elkarte profesionalak kontuan hartzea. "Egindako azterketaren ondoren ordenantza beharrezkoa bada, gauzatu egingo da, izaera juridikoa emanez eta 2020ko urte fiskal honetan garatzeko behar besteko diru-partida emanez", proposatu du EH Bildu Bilbok mozioan.

Alokairuko etxebizitza

Bestalde, Goirizelaiak ohartarazi duenez, COVID 19ak sortutako krisiaren ondorioz, Bilboko alokairu-eskaintzaren prezioak "gora egiteko arriskua dago; izan ere, ikusten ari garen bezala, lehen turismo-erabilerarako erabiltzen ziren etxebizitza asko alokairuko merkatu librean eskaintzen hasi dira, neurriz kanpoko prezioetan eta gehiegizko sarbide baldintzekin".

"Horrek coronavirusa agertu aurretik Bilbon zegoen arazo bat larriagotu besterik ez du egiten: alokairuko etxebizitzarena", gaineratu du. Hori dela eta, EH Bildu Bilbok mozio bat aurkeztu du Gobernu Taldeari eskatzeko plan bat abian jar dezala alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko behar diren politikak ezartzeko, Bilboko Udal Etxebizitzen OALean inbertsioak egiteko proposamen bat eginez, eta etxebizitza horietarako sarbidea gazteei eta emakumeei lehenetsiz.

Halaber, EH Bilduk eskatu du Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola alokairuaren merkatu pribatuaren prezioaren erregulazioan eragin zuzena izango duten premiazko neurriak har ditzala, alokairuaren prezioa mugatzea ahalbidetuko duten baldintzak eta moduak legez arautuz.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta espazio publikoa birkonfiguratzea

Beste mozio batean, EH Bildu Bilbok gaur egun gizarte zerbitzuetan zerbitzu egokia eta beharrezkoa emateko beharrezkoak diren pertsonak kontratatzea eragozten duten baldintzak ezabatzea proposatu du. Horren harira, Goirizelaiak azaldu duenez, alarma egoeran Udaleko gizarte zerbitzuek "gainezka egin dute aztertu eta tramitatu behar izan dituen laguntza eskaera kopurua dela eta". Alarma egoera amaitu ostean, "zerbitzu hori beharko duten pertsonak gehiago izango direla" kontuan hartuta, "indartu egin beharko” dela gaineratu du.

Azkenik, Goirizelaiak gogorarazi duenez, beste mozio batean, espazio publikoa birmoldatzeko eskatu diote Udal Gobernuari, "ahalik eta osasun berme gehien dituen eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna lortzeko, bizikletaren erabilera indartuz, ibilgailu pribatuaren erabileraren kaltetan".

 

 

EH Bildu Bilbok elkartasuna adierazi die Idoia Mendiari eta Alfonso Gili eta bere etxebizitzaren aurkako erasoa gaitzetsi du

| 2020-05-20 10:53:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusiaren, eta Alfonso Gil, Bilboko Udaleko alkateordearen, etxearen kontrako erasoa gaitzetsi du eta elkartasuna eta babesa adierazi die Mendiari eta Gili. 

Jone Goirizelaiak, EH Bilduren Bilboko bozeramaileak, gertaera hau gaitzetsi du eta “lekuz eta testuinguruz kanpo” dagoela azpimarratu du. Halaber, EH Bilduren apustua berretsi du, “aniztasun ideologikoa errespetatzeak balio bortxaezina izan behar duen Euskal Herriaren alde, eta elkarbizitza demokratiko eraikitze eta finkatzearen alde” , gaineratu du.

 

EH Bilduk Bilboko adinekoen deien zerbitzuak gabeziak detektatzeko eta zerbitzu berriak aktibatzeko balio izatea espero du

Udaleko langileek bi astez egin duten asistentzia-lana azpimarratu du

| 2020-05-16 09:44:00

Isolamendu aldian Bilboko adinekoei deitzeko zerbitzua amaitu da eta EH Bildu udal taldeak espero du "babesgabetasun-egoeran dauden pertsonak detektatu izana, horiek laguntzeko helburuarekin". Ildo horretan, ekimen honek "laguntza modu berriak ezartzeko" balioko duela adierazi du, kontaktatutako pertsonen beharrak kontuan hartuta. Adibidez, esan duenez, "pertsona batzuek behar sinple, baina oinarrizkoak adierazi dituzte, besteak beste, paseatzera joateko laguntza izatea". 

Bilboko 65 urtetik gorako pertsona guztiei telefonoz deitzeko eta elkarrizketatzeko lana Udaleko langileek egin dute, Gizarte Ekintzako arduradunen koordinaziopean. Jone Goirizelaiak, Bilboko EH Bilduko bozeramaileak, Bilboko Udaleko langileak zoriondu ditu, "milaka herritarrei arreta eskainiz erakutsitako profesionaltasunagatik". "Aparteko lan hori aurrekaririk gabeko krisi honetan langile horiek egindako ahaleginaren emaitza da", gaineratu du. 

Aipatzekoa da udal langile talde handiari, gero, boluntario gisa, hainbat ordezkari politiko batu zitzaizkiela. EH Bilduko zinegotzien kasuan, "200 dei inguru egin ditugu anonimotasuna uneoro babestuz, protokoloak ezartzen zuen bezala", azaldu du. Lan horretan era guztietako egoerak aurkitu dira: "heriotzak, pertsona isolatuak eta beharrak dituztenak, hitz egiteko gogoa, esker onak eta berandu ibiltzeagatik liskarren bat". 

Deien bidez, "deitutako pertsonen animo-egoera aztertu ahal izan da, babesgabetasunak eragindako larrialdi-egoerak detektatu ahal izan dira, eta krisiaren aurretik agian baloratzen ez ziren beste premia batzuk antzeman ahal izan dira". EH Bilduren arabera, "horri esker babes publikoko sistemak orain ez dituen laguntza-zerbitzu berriak diseina litezke, izan ere, orain beharrezkoak izango lirateke bakardadean dauden adinekoei bizitza duina bermatzeko". 

Goirizelaiak gogorarazi duenez, "nagusien deien zerbitzua aktibatzeko hasierako proposamena auzoetako elkartasun laguntza sareek egin zuten, isolamendu aldia hasi bezain laster, eta, Udalari behin eta berriz eskatu ondoren, Udalak sei aste behar izan zituen deiak hasteko", auzo sareetatik salatu dutenez.

 

EH Bildu Bilbok alkateak Aste Nagusia bertan behera uzteko aldebakarreko erabakia hartu izana salatu du

Jone Goirizelaia: "gure lehentasuna bilbotarren osasuna bermatzea da, baina erabaki hori Jai Batzorde Mistoan adostu beharko litzateke".

| 2020-05-15 14:06:00

EH Bildu Bilbo udal taldea “oso harrituta” agertu da  Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur eguerdian Aste Nagusia bertan behera uzteko erabakia jakinarazteko “moduagatik”; izan ere, “erabaki hori ez du aldez aurretik Jai Batzorde Mistoarekin adostu eta bertan jai esparru guztia biltzen da, talde politiko guztiak, Bilboko Konpartsak eta hainbat erakunde”. "Ez da onargarria alkateak horrelako erabakiak alde bakarrez hartzea, inorekin adostu gabe", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramaleak.  

Ildo horretan, Goirizelaiak esan duenez, EH Bilduren “lehentasuna jendearen osasuna bermatzea dela kontuan hartuta, gogorarazi nahi dugu Aste Nagusia, funtsean, herriak eta herriarentzat egindako jaia dela, eta horregatik uste dugu erabakiak aldez aurretik eztabaidatu eta adostu behar direla Jai Batzorde Mistoaren esparruan, Bilboko Konpartsek ere eskatu duten bezala ".

Era berean, EH Bilduk harridura agertu du alkateak kultur jardueren deszentralizazioari buruz egindako iragarpenaren aurrean; izan ere, auzo guztietan, jai batzordeak Udalarekin gai hori bera jorratzeko bilera baten zain daude. Hori salatu du Auzotarrok, Auzoetako Jai Batzordeen Federazioak, duela egun batzuk bidalitako gutun ireki batean.

"Aste Nagusiaren ezaugarri nagusia beti izan da jai herrikoia, parte-hartzailea, bilbotarrek antolatutakoa eta Bilboko gizarte osoaren inplikazioa duena", adierazi du Goirizelaiak. “Alkateak alde batera utzi du parte-hartzean oinarritutako jai eredu hori, bilbotar guztientzat hain garrantzitsua den Aste Nagusiari buruz erabakitzeko ahalmena bereganatuz”, salatu du.

EH Bilduk Udal Gobernuak Bilboko ostalaritza eta terrazen irekieran “presaka egindako kudeaketa inprobisatua” kritikatu du

“Ez da bidezkoa Udal Gobernuak bere ardura saihestu eta tabernariei egotzi nahi izatea, kartaz eta zigor bidez, are gutxiago sektore honek zelako kolpea jaso duen kontuan hartuta”

| 2020-05-15 10:53:00

Bilboko Udal Gobernua ostalaritzaren irekiera mugatuaren kudeaketan erakusten ari den "aurreikuspen falta, presak eta inprobisazioa" kritikatu ditu EH Bildu Bilbo udal taldeak.

“Lakuatik eta Bilboko Udaletik heldutako astebeteko interpretazio, agindu eta kontra aginduek, ostalaritzaren alde egin beharrean, estresa, arriskua eta ezinegona eragin dute sektorean”, adierazi du. Era berean, EH Bilduren ustez, “alerta eta babesgabetasun egoera bat sortu da herritarren artean, terrazen emakida eta zabaltze permisiboegiak emateari buruz igorritako mezuengatik”.

Horren harira, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea terrazak ireki aurretik ostalarien elkarteekin eta auzo elkarteekin elkarrizketarik eta kontrasterik izan den. "Arrisku egoera ezberdinak eta irtenbide egokiak aurreikusteko bildu diren jakin nahi dugu", adierazi dute alderdi subiranistatik. Era berean, "auzokideek modu seguruan eta kontsumitzeko betebeharrik gabe zirkulatzeko duten eskubidea" kontuan hartu behar dela gogorarazi du.

EH Bilduk terraza duten eta 1. fasean berriro irekitzea erabaki duten establezimenduen kopuruari buruzko informazioa eskatu du, terraza handitzea eskatu duten establezimenduen kopuruari buruzkoa eta baimen berria eskatu duten establezimenduen kopuruari buruzkoa, izan ere, "eskaeren oldeak Udala berme gutxirekin jokatzera eraman dezake".  

EH Bilduk gogorarazi duenez, COVID-19tik eratorritako krisiaren testuinguru honetan, Bilboko merkataritza txikia eta ostalaritza oso kaltetuak izan dira, eta, horregatik, "sektoreari laguntzeko neurriak hartzea defendatu dugu, adibidez, jarduera ekonomikoa sustatuz", baina "premisa argi gisa ezarri behar dira osasun segurtasuna, eskubide berdintasuna eta herritarren pedagogia".

Prebentzio-lana

Ildo horretan, EH Bilduk berretsi du beharrezkoa dela "arau kontrajarrietatik eta zigorretatik harago, Udalak prebentzio-lana egitea, jardunbide txarrak, tentsio egoerak eta itxaropen faltsuak saihesteko". Bere ustez, "terraza bat ireki edo zabaldu ahal izateak ez du ostalaritzak jasan duen kolpea konpontzen”. Gainera, Bilboko establezimenduen tipologia askotarikoa dela gogorarazi du, eta "taberna, kafetegi edo jatetxe askok agian ezin dutela edo ez dutela terrazarik instalatu nahi".

Bestalde, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea ebaluatu duen baimen bereziek legea urratzen ote duten Espazio Publikoaren Ordenantza urratzeagatik, eta ea tresna egokiak aurreikusi diren balizko errekurtsoak kudeatzeko. 

"Ostalaritza eta terrazak ireki ahala, egoera erregulatzen saiatzeko herritarren segurtasunerako zein dispositibo diseinatu den" ere galdetu du EH Bildu udal taldeak.

EH Bilduren arabera, "taberna eta denda askok premiaz ireki behar izan dute, lokalak egokitzen ahaleginduz, eta beste batzuek ezin dute oraindik irekitzea planteatu". Hori dela eta, txikizkako sektorearentzako diru-laguntzen garrantzia azpimarratu du alderdi subiranistak, "berme guztiekin negozioak berriro irekitzea posible ez den bitartean".  

Ostalariei gutuna

Bestalde, Udal Gobernuak ostalariei bidalitako gutunari dagokionez, EH Bildu Bilboren ustez, “ez da bidezkoa Udal Gobernuak bere ardura saihestu eta tabernariei egotzi nahi izatea, kartaz eta zigor bidez, are gutxiago sektore honek zelako kolpea jaso duen kontuan hartuta”.

“Dagoen ziurgabetasun juridikoa ikusita, arazoak aurreztea, pedagogiaz jokatzea eta herritarren eta tabernarien eskubideak eta interesak kontuan hartzea tokatzen da. Udalak, presa gabe eta aurretik kontsentsuak bilatuz erregulatu behar luke eremu publikoaren erabilpena”, nabarmendu du.