Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak gaur adierazi duenez, Profersaren lantegia kautelaz ixteko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak agerian uzten ditu hainbat alderdi. "Lehenik eta behin, bizilagunen elkarteek behin eta berriz salatu duten instalazioen segurtasun falta, eta bigarrenik, enpresa horren isuriak osasun publikoarentzat mehatxua izan daitezkela, herritarrengan alarma eta kezka sortuz", azaldu du.
Azken finean, Del Rioren arabera, erabaki horrek, "etorkizunean hartuko diren neurriak alde batera utzita, agerian uzten du Profersa eta Sader gure herriko hirigunetik lehenbailehen ateratzeko premia larria". Izan ere, Zorrotzako, Deustuko, Basurtuko, Olabeagako, Deustuko Erriberako, San Inazioko, Caramelo-Masustegi-Cobetasko eta Altamirako bizilagunen aldarrikapen historikoa da.
Halaber, adierazi duenez, “konpromiso instituzionala da; enpresa horren lekualdaketa Osoko Bilkuran erabaki baitzen 2018an, eta sei urte geroago oraindik ez da gauzatu”. Azkenik, gai hau lantzeko EH Bilduk maiatzaren 22an, asteazkenean, Zorrotzako plazan asanblada irekia deitu duela gogoratu du.