Udalbatzak EH Bilduren proposamen bat onartu du gaur, Bilbon etxebizitzen "edukitzaile handi" gisa definitzeko bost etxebizitza edo gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, eta ez hamaika baino gehiago dituztenak, orain arte bezala. Ekimenaren onarpenak, Karlos Renedo alderdi subiranistako zinegotziak azaldu duenez, Bilboko milaka familiari egingo die mesede, alokairu prezio arautua izango baitute.
Ildo horretan, Renedok azaldu du gaur onartutako neurriak bi ondorio "zuzen" eta "berehalako" dituela. Lehenengoa: "milaka etxebizitza edukitzaile handien jabetzatzat hartuko dira, eta, beraz, Erreferentziako Prezioen Indizearen arabera alokatu beharko dira. Horrez gain, alokairua luzatu beharko da eta ezingo da %3a baino gehiago handitu".
"Egun, Bilbon 112 jabe handi ditugu, 1.500 etxebizitza baino gehiagorekin. Gaur onartutako neurriarekin, jabe handiak 730 inguru izatera igaroko dira, eta 6.100 etxebizitza baino gehiagori eragingo die", azaldu du.
Renedok gogorarazi du 2021ean Bilbon 21.618 familia inguru bizi zirela alokairu-erregimenean, eta datu hori urtez urte handitzen ari dela. Familia horietatik, esan duenez, "%5a inguru edukitzaile handi baten jabetzako etxe batean bizi dira, eta horrek esan nahi du 1.000 familiak baino gehiagok ordaintzen dietela alokairua jabe handiei. Horiei gaur Osoko Bilkuran lortutako akordioak mesede egingo die”’.
EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, neurriaren bigarren ondorioa da "jabe handiekin elkarrizketa zuzena irekiko dela inbertsio gisa dituzten etxebizitza hutsak mobilizatzeko". "Erabiltzen ez diren jabe handien etxebizitzak Bizigune programan sartu ahal izango dira, eta etxebizitzak alokatzen ez badituzte zigortzeko aukera irekiko da", gaineratu du.
Renedok gogorarazi du Bilbon urtean 4.000 etxebizitza baino gehiago erosten direla, inoiz baino gehiago, eta horien % 34a eskudirutan erosten direla. "Argi dago etxebizitza horiek ez dituztela gazteek erosten, inbertitzaile handiek baizik", adierazi du.
Haren ustez, "premiazkoa da egoera hori geldiaraztea"; izan ere, "moralaren aurkakoa" da "milaka pertsonak etxebizitza bat eskuratu ezin duten bitartean, gutxi batzuek milaka etxebizitza pilatzea negozioa egiteko".
Horrela, pozik agertu da gaur adostutako neurriagatik, "espekulazioa saihesteko aukera ematen digulako, eta, aldi berean, hutsik dauden etxeak mobilizatzeko eta alokairuan bizi diren milaka bilbotarren egoera hobetzeko tresna delako".