AKTUALITATEA


| 2020-06-25 13:27:00

EH Bildu Bilboko udal-taldeak aurkeztutako mozio baten ekimenez, Bilboko Udalak lau hondartza berde jarriko ditu Bilboko hiri-ingurunean, kalean aisialdirako aukerak eskaintzeko, aldi berean, segurtasun neurriak bermatuz. Horrela, lau gune prestatuko dira: lehendik zeuden bi gune, Arraiz mendiaren hegalean eta Iturrigorri-Peñascalen, orain berreskuratu eta balioan jarriko dira;  eta beste bi espazio berri sortuko dira, bata Etxebarria parkean eta bestea Ibaiederren, Abusun. Gune horiek egokitzeko lanak hasi dira jadanik.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotzia pozik agertu da proposamena onartu delako; izan ere, espazio horiek martxan jartzea "positiboa izango da herritar guztientzat, ezohiko uda batean, igerileku eta hondartzak edukiera mugatua dutenean, parke eta berdeguneetako pertsonen kopurua handitu denean; eta bilbotar asko pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta oporretan joan ezin direnean”.

Hori dela eta, azaldu duenez, EH Bilduk bere proposamenean alternatibak eskaintzeko beharra azaldu du,  "kalean aisialdirako guneak ezartzeko beharra, berdeguneak, etxetik gertu, eguzkitakoa jarri eta urarekin freskatu ahal izateko, eta, jakina, segurtasun neurriak mantentzea ahalbideratuko duten espazioak".

Fatuartek azaldu duenez, EH Bilduk argi eta garbi defendatzen du "pertsonak zaintzeko inbertsioak lehenesteko unea" dela. Ildo honetan, gaineratu duenez, “zaintza oinarrizko beharrak asetzetik haratago doa, eta etxetik gertu aisialdi osasungarriaz gozatu ahal izateak pertsonen ongizateari ere laguntzen dio, are gehiago 50 egun baino gehiagoz konfinatuta egon ondoren".

Hiri atseginagoa eta bizitzeko egokia

Lortutako akordioari esker, EH bilduko zinegotziak azpimarratu duenez, "uda honetan hiri atseginagoa eta bizitzeko egokiagoa izango dugu". "Hirian bizi garenok kalitatezko espazio publikoak nahi ditugu, zabalak, osasuntsuak eta etxetik gertu. Gaurko akordioa pauso txiki bat da, baina beste hainbeste beharko ditugu pandemiaren ondorioak kudeatzeko eta, etorkizunean errepikatuz gero, baldintza hobeagoetan aurre egiteko ", gaineratu du.