AKTUALITATEA


| 2023-05-25 13:21:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak gaur EH Bilduren kultur proposamen eraldatzaile bat aurkeztu du, izan ere, zezen plaza, “sortzaileen plaza” bihurtzea proposatzen du; “zezen plaza animalien torturarako espazioa izateari uztea, eta erabilera alternatiboa ematea, Bilboko sortzaileei eta bilbotarrei orokorrean artea sortzeko eta arteaz gozatzeko espazioa eskainiz, diziplina-anitzeko arloetan”. Bertan, gaineratu duenez, “sortzaileentzako lokalak eskaintzeaz gain auzokideentzako eskaintza kulturala ere eskainiko da”.

Del Riok adierazpenok gaur zezen plaza atzean duela egin ditu, eta, berarekin batera egon dira, besteak beste, David Ontoria, Ane Zabala eta Eukene Larrea zerrendakide eta sortzaileak. Alkategaiak azaldu duenez, “ez dugu uste espazio hau animalien tortura publikoaren espazio izaten jarraitu behar duenik eta horrela uste dute bilbotar askok ere, izan ere plazaren erabilera urtetik urtera jaisten doa”.

Bestetik, esan duenez, “egun Bilbon sortzaileentzako baliabideak eskasak dira eta artearen inguruan gero eta jende gehiago batzen da; Bilbo hiri traktorea bilakatu da diziplina-anitzeko arteetan, bai Euskal Herria mailan zein nazioartean”.

“Kultura publikoa, herritarra eta doakoa nahi dugu bilbotarrentzat, eta Zezen plaza Sortzaileen plaza bihurtzeak horretarako pausu handia izan daiteke”, nabarmendu du. Gainera, espazio hori sortzaileekin eta herritarrekin eskutik eraikitzearen alde agertu da. “Espazio hau eskaini, eta ondoren, eurekin batera eta euren beharrizanak, ekarpenak eta iritziak kontuan hartuta, guztiok batera, sortzaileen plaza, Bilboko kulturaren plaza, bilakatu”, azpimarratu du.