EH Bildu udal taldeak, ekaineko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Udal-gobernuari eskatu dio Bilboko hirigunean aisialdirako espazio berriak antolatu ditzan, itzalguneak eta ur horniketa ziurtatuz, eta era berean beharrezkoa den urruntze soziala mantentzea ahalbidetuz. Helburua da, datozen hilabeteotan eta pertsonen arteko distantziak mantentzeko neurriak indarrean dauden bitartean, kale aisialdi osasuntsurako alternatibak eskaintzea herritar eta familia guztiei eta, bereziki, haurrei eta pertsona nagusiei.
EH Bildu udal taldeak azaldu duenez, COVID-19 birusaren zabalpenaren ondorioz pairatu behar izan dugun konfinamenduaren osteko deseskalada faseek aurrera egiten duten heinean, “hiriguneko parke eta berdeguneetan jendetza biltzen hasi da, askotan gainezka egin arte”.
Gainera, adierazi duenez, horri gehitu behar diogu, udal igerilekuak, Bilbon uda garaiko kale aisialdi alternatiba nagusia, alegia, mugatuta egongo direla ohiko aforoaren %30era, eta gertuko hondartzetarako sarbidea ere murriztuta egongo dela. “Bestalde, segurtasun arrazoiak direla eta, jolas parkeek itxita jarraitu beharko dute”, gaineratu du.
Era berean, EH Bilduk gogoratu duenez, “ezin dugu ahaztu, pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta, pertsona eta familia askok ez dutela hiritik kanpo oporrak ordaintzeko diru sarrera nahikorik izango”.
Faktore horiengatik guztiengatik, EH Bildu Udal Taldearen ustez, uda honetan “beharrezkoa” izango da “hirigunean espazio berriak antolatzea, aisialdi osasuntsu baterako alternatibak herritar eta familia guztiei eskaintzeko, baina bereziki haurrei eta pertsona nagusiei”. “Espazio hauek itzala eta ur nahikoa eskaini beharko dute, uda garaiko tenperatura altuei behar bezala aurre egin ahal izateko”, zehaztu du.
"Gure mozioa aurrera ateratzea espero dugu; izan ere, bilbotarren beharrizan bat da, eta egungo egoeran, ohiko espazioak gainezka daudelarik, ez dute alternatiba nahikorik kalean disfrutatzeko", nabarmendu du.