AKTUALITATEA


| 2024-05-09 09:45:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak gaur adierazi duenez, gobernu taldeak aurkeztutako kaleen sailkapen fiskal berriarekin (zazpi kategoria fiskal izatetik bost izatera igaro da) "progresibitatea galduko da, eta modu negatiboan eragingo du erosteko ahalmen gutxien duten auzoetan.

"De facto, seigarren eta zazpigarren kategorietan zeuden auzoak bosgarren kategoriara pasatzen dira; beraz, Peñaskal, Masustegi edo Larraskitu bezalako auzoek tasa eta zerga batzuetan % 50 gehiago ordaindu beharko dute, eta Arangoitik eta Otxarkoagak, berriz, tasa batzuetan % 30eko igoera izango dute. Aitzitik, lehen kategorian dauden auzoek ez dute inolako aldaketarik ", azaldu du. "Arangoitiko herritarrek, adibidez, zabor tasagatik 10 euro baino gehiago ordaintzen duten bitartean, Kale Nagusikoek gauza bera ordaintzen jarraituko dute", azaldu du.

Maria del Riok salatu du "gardentasun eta aurretiazko informazio falta" dagoela kaleen sailkapen fiskal berriaren proposamenean. "Kaleen sailkapenaren aldaketa gai garrantzitsua da tasei eta zergei zuzenean eragiten dielako, baina ateak itxita egin da, kontrasterik gabe eta oposizioko taldeei bizkarra emanda", gaineratu du.

Del Riok gogorarazi du Udal Gobernua 1987. urtetik zeramala sailkapen hori eguneratu gabe. "Hainbeste urtez lan hori egin gabe egon ondoren, proposamen bat aurkeztu du aldez aurretik informaziorik eman gabe, eta 10 eguneko tarte txikia eskaini du gure proposamenak egin ahal izateko. Praktikan, eztabaida ekiditea eta parte-hartzea ez bermatzea dakar horrek, ez baitago ez denborarik ez bitartekorik behar duen lan zehatza egiteko", adierazi du.

EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, aldaketak egiterakoan, gobernu taldeak katastroko balioak soilik hartu ditu kontuan, beste elementu batzuk alde batera utzita (hutsik dauden lokalak, enpresen etekinak lortzeko gaitasuna...), eta ez dago aldaketa hauek tasetan eta zergetan izango duten eragin ekonomikoari buruzko txostenik.

Era berean, sailkapen berri horrek kategoria baxuenetan zeuden enpresen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari bereziki eragingo diola ohartarazi du. Adibidez, irabazi handiak dituzten enpresa handi asko laugarren kategorian geratu dira, eta, beraz, IMQk, IDOMek edo Boluetako Mercadonak Abusun edo Arangoitin kokatutako enpresek adina ordainduko dute.

Gainera, Del Riok gogorarazi du industrialdeak azken kategorian daudela, Bizkaiko udalerri gehienetan lehenengo kategorian aurkitzen direnean eta hori "ulertezina" dela.

Etxez Etxeko Arreta eta birziklatzea

Bestalde, EH Bilduko bozeramaileak kritikatu du udal gobernuak ez duela zuzendu nahi Etxez Etxeko Arreta zerbitzuaren prezioen igoera neurrigabea, urtarrilaren 1etik indarrean dagoena, zerbitzu honi dagokion tasa aldatu ez duelako.

"Nahiz eta pertsona askok baja eman edo oinarrizko zerbitzu horren orduak murriztu behar izan dituzten, gobernu-taldeak uko egin dio atzera egiteari eta egoera larri hori zuzentzeari", adierazi du. Gainera, esan duenez, atal horretan aldaketarik egiten ez denez, "oposizioko taldeoi ere galarazten zaigu proposamenak egitea, behar duten bilbotar guztiei etxez etxeko arreta zerbitzua bermatzeko helburuarekin". "Herritarren oinarrizko zaintza-zerbitzua eta eskubide subjektiboa da, baina EAJ-PSE eroso dago Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren bajekin", gaineratu du.

Bestalde, Maria del Riok deitoratu du Udal Gobernuak "EH Bildurekin hartutako konpromisoa bete gabe" jarraitzen duela. Izan ere, ez du zehaztuko herritarrek ordainduko duten zabor-tasa berria, hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordain dezan eta gehien birziklatzen duenak gutxiago. "Aurten ere ikusten dugu bere konpromisoa ezerezean geratu dela, eta EAJ-PSEk ez dituztela lanak egin. Gainera tasa horiek ez datoz bat aurre egin behar diogun larrialdi klimatikoaren egoerarekin", adierazi du.

"Azken batean, fiskalitateari buruzko eztabaida sakon bati ekin beharrean, fiskalitate justuago eta progresiboago batean benetan aurrera egiteko, beste behin aldaketak egiten dituzte informatu gabe, kontrastatu gabe eta aurreztiazko azterketa sakon eta partekaturik egin gabe", azpimarratu du.