AKTUALITATEA


| 2021-10-28 11:11:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak Udaltzaingoaren bizikleta-unitate bat sortzeko azterlan bat egingo du. Ekimen hau EH Bilduk eta gobernu taldeak aurkeztutako zuzenketa baten bidez onartu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak nabarmendu duenez, lortutako akordioarekin, “beste urrats bat eman dugu mugikortasun jasangarriarekin konprometitutako eta hurbileko polizia-eredua sendotzeko”.

Ildo horretan, Zubizarretak azaldu duenez, Bilboko mugikortasun-politikari buruzko eztabaida gertatzen ari den une honetan, bizikletaren erabilerak berebiziko garrantzia du, gero eta gehiago erabiltzen baita garraiobide gisa. Horregatik, bere ustez, “egokia” da Udaltzaingoaren barruan bizikleta-unitate bat sortzeko lehen urratsak ezartzen joatea.

Bere esanetan, Unitate horrek Udaltzaingoaren irudia garatuko luke mugikortasun jasangarriarekin konprometitutako zerbitzu gisa, besteak beste, kutsatzen ez duen ibilgailu bat erabiltzeagatik, eta, ondorioz, gas- eta zarata-isuriak murriztuz. Halaber, txirrindularitza-unitatea hurbiltasuneko polizia-ereduaren barruan sartuko litzatekeela gaineratu du, ibilgailuan edo motorrean patruilatzeak baino hurbiltasun eta arreta hobeagoa eskaintzea ahalbideratuko luke.

Zubizarretak adierazi duenez, Udaltzaingoaren bizikleta-unitate horrek independentea, iraunkorra eta espezializatua izan beharko luke, eta, bere eginkizunen artean, honako hauek aipatu ditu: bizikletaren erabilera eta segurtasuna sustatzea; oinezkoentzako guneen, berdeguneen, parkeen, eta beste espazio batzuen segurtasuna eta zaintza sustatzea; eskola bideak kontrolatzea eta kirol-probak laguntzea.

 “Laburbilduz, bizikleta-unitatea tresna eraginkorra da, hurbiltasuneko polizia-ereduarekin bat datorrelako, ingurumena zaintzen duelako eta bide-segurtasunarekin eta mugikortasun iraunkorraren itunaren printzipioekin bat datorrelako”, azpimarratu du.