1. OSOKO BILKURAN LANDUTAKO GAIAK.
2. ERREGUAK ETA GALDERAK:
2.1. BOE-ak Berangon
2.2. Autobus baten ibilidea aldatzeko eskaera.
2.3 FFF-ek aurkeztutako mozioa.
3. EUSKAL HERRIA BILDUREN GALDERAK:
3.1. Alkatearen eta udal-behargin baten bidaia Poloniara
3.2. Udal web orriak eguneratu gabe.
Uztailaren 23an (aldez aurretik esandako data baino beranduago) Osoko bilkura berezia egin genuen Berangoko udaletxean. Izan ere, ekainaren Osoko bilkuran hilaren erdialdean egin behar zela esan ziguten.
Bilkuran ez ziren egon:
- Socialistas vascos udal-taldea (bere zinegotzia informazio-batzar iraunkorretan egon zen aurreko astean)
- Berangoko Popular taldea.
1. Osoko bilkuran landutako gaiak.
1.1. Aurreko bilkuraren akta onartzea, bidezkoa balitz.
EH Bilduk ekainaren 25eko osoko bilkuraren akta ez zuen begi onez ikusi, eta, horregatik, bere bozka (abstentzioa) argudiatu zuen, nahiz eta alkateari gustatu ez: “Ene ustez, ez jakiteagatik izango da, baina aurreko bilkuraren gaiak ez dago berriro zertan eztabaidatu”-esan zuen alkateak. Hauek izan ziren Euskal Herria Bilduren argudioak:
1. Gure zinegotziaren liberazioa legeak derrigortzen du (art. 33 legea 2/2016, apirilak 7), Euskal Herria Bilduk hala nahi badu. Ekainaren osoko bilkuran gure bozeramaileak agerian utzi zuen bere kexa liberazioa bozkatzera derrigortu gintuztelako, baina kexa hori ez da islatzen aktan. Bozka daitekeena soldata eta liberazioaren portzentajea dira, hori bakarrik, baina ez liberazio bera. Legegintzaldi honetan liberazio hori Euskal Herria Bilduri dagokio, eta gure bozeramaileak hartu du, baina bere taldeko beste zinegotzi batek har dezake, edo liberazioari uko egin diezaioke udal-talde honek. Alabaina, hori guztia ez da zertan bozkatu.
2. “Legeak ia behartu gaitu gure zinegotzi bat liberatzera oposizioko zinegotziren bat liberatzen bada”-esan zuen alkateak. Ñabardura hori ez da agertzen aktan, ezta alkatearen argudioa ere: “Udal-gobernuak lanaldi osorako 3 zinegotzi liberatzeko aukera du”. EUDEL-ek honako hau esaten du: Berangoko biztanleria aintzat hartuta, gehienez, udalak hiru zinegotzi liberatuta izan ditzake lanaldi osorako, baina liberazio horiek udalari dagozkio, ez udal-gobernuari, alkateak ekaineko osoko bilkuran zioen bezala. Gainera, liberazio partzialentzat ez dago mugarik; hori Osoko bilkuran eztabaidatu behar da.
Adibide hauek guztiek argi ta garbi uzten dute, nola interpretatzen dituen alkateak legeak eta akordioak, haien testuak berak pentsatzen duenari egokitzen. Legeak ez du inoiz “ia” derrigortzen; derrigortzen du, edo ez du derrigortzen. Berangoko Euskal Herria Bilduren udal-taldeak argi zeukan zer gertatu zen ekainaren osoko bilkuran, eta gure aholkulariek arrazoia eman ziguten.
3. Aktak dio komunikazio-aholkulariak 48.000 €-ko soldata izango duela, eta Osoko bilkuran horren gaineko informazioa eman zutela, baina hori ez da egia.
Hori dela eta, Berangoko Euskal Herria Bilduk aktarekiko desadostasuna erakutsi zuen, nahiz eta alkatearen ustez, bestelako eztabaida bultzatu nahi. Guk aktan idatzitakoa baino ez genuen eztabaidan jarri. Elkarrekin Berango ere, ez zegoen ados akta osoarekin, baina haiek osoko bilkura baino lehen esan zuten, eta idazkariak zati bat zuzendu zuen eta osoko bilkurari helarazi zion.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta udal-gobernuaren bozeramaileari, Itziar Aginagalderi, zegokion.
1.2. 2018ko abenduaren 31ko ondasun inbentarioaren urteko zuzenketa onartzea.
Enpresa batek udalaren ondarea aztertu du. EAJ-k emandako botoei esker, bozketa aurrera atera zuten.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Itziar Aginagalderi, zegokion.
1.3. Euskal Herria Bilduren zinegotziaren liberazioari dagokion diru kopuruaren erreklamazioa.
EAJ-k Berangoko Euskal Herria Bildurekin bat egin zuen bozketan gure zinegotzi liberatuaren soldata zuzentzeko. Ekainaren osoko bilkura baino lehen liberazioaren portzentajea eta zinegotziak jaso behar zuen soldata eskatu genituen, zuzenak ziren ala ez jakiteko, baina ez ziguten inolako daturik eman Osoko bilkura egin arte, eta behartu gintuzten txarto kalkulatutako soldata bozkatzera. Akats bat zegoen, baina zuzendu egin da.
Soldaten mailak (gordin urteko), eguneratuta:
1. Anabel Landak (EAJ), 64.080 €, % 100eko liberazioa.
2. M.A. Cascalesek (komunikazioan aholkularia) 48.000 € (kontratuaren gaineko informazio gehigarria eskatu du Euskal Herria Bilduk)
3. Itziar Aginagaldek (EAJ) 42.000 €, %100eko liberazioa.
4. David Martinek (Euskal Herria Bildu) 20.790 € (990 € gehiago), %55eko liberazioa.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Izaskun Zubiaurri, zegokion.
1.4. Smart Laben lanak egiteko kreditu gehigarrien aldaketa.
Urteko kontuetan 120.000 € gordeta zeuden Smart Laben lanak egiteko, baina proiektua ez da izango, jada, urte bakarrekoa, bi urtekoa baizik, eta aurrekontuak gora egin du (242.644,06 €), aurreikusten zen baino obra handiagoa egitea erabaki baita. EAJ-k onartu zuen bere botoekin.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Itziar Aginagalderi, zegokion.
1.5. Berangoko Sabino Arana kalea berritzeko II fasearen obra-kontratua aldatzea.
EAJ-ren botoekin aurrera atera zen. Informazio-batzar iraunkorretan Elkarrekin Berangoko bozeramaileak aditzera eman zuen, bigarren fase honek hasierako proiektuaren kopia zirudiela, hau da, herritarren parte hartzea hutsa izan dela. Bat gatoz Koldo Martinezek esandakoarekin.
Berangoko Euskal Herria Bilduk Sabino Aranaren lanak alkatearen aholkulariaren arkitektura-bulegoak egin dituela gogoratu nahi du, eta obra osoak akats mordoak dituela, bai praktikoak eta bai segurtasunaren aldetik ere. Behin baino gehiagotan salatu dugu hori guztia.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Izaskun Zubiaurri, zegokion.
1.6. Kirolguneko garbiketa-zerbitzua handitzea.
Kontratu hau, gaur egunean indarrean ez dagoen enpresa batetik beste batera pasatu eta subrogatu da. EH Bilduk Kirolguneko garbiketa-kontratua handitzearen alde bozkatu zuen (100 € hilean).
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Izaskun Zubiaurri, zegokion.
1.7. Arana E.U.-aren bigarren xehetasun-azterketa behin betiko onartzea.
Hiri-antolamenduko plan orokorraren zati bat da, eta udal-talde hau ez dago ados. EAJ-ren botoen gehiengoarekin atera zen aurrera.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Izaskun Zubiaurri, zegokion.
1.8. Elkarrekin Berango taldeak aurkeztutako “Larrialdi klimatikoaren deklarazioa” mozioa, FFF-ren izenean.
EAJ-ren gehiengo osoak bertan bera utzi zuen mozioa. Ez ditugu begi onez ikusten alkateak erabili zituen argudioak, ezta udalbatzar aretoan erreguak eta galderen txandan emandako erantzunak ere.
Anabel Landak defenditu zuen gai hau, nahiz eta komisioaren presidenteari, Iker Balerdiri, zegokion.
1.9. Bilkuraren egunera arte alkatetzak emandako ebazpenak eta tokiko gobernu batzarrak hartutako erabakiak jasotzen dituen zerrenda.
Gai honen gainean ez zen eztabaidarik egon. Beste udal batzuetan ebazpenak eta gaiak banan-banan aipatzen dira, eta bozeramaileei galdetzen zaie zalantzarik duten.
2. Erreguak eta galderak.
2.1. BOE-ak Berangon.
Auzokide batek bere zalantzak eta salaketa osoko bilkurara ekarri zituen. Eraikuntza-enpresa sustatzaile bat babes ofizialeko etxebizitzak erreserbatzen omen dago hainbat berangoztarrentzat, horiek ekarpen ekonomiko sinbolikoa egin ondoren. Udalak praktika honen gainean informaziorik eman ez izana salatu zuen auzokideak.
Alkateak zioen enpresa horrek, Gescovi kooperatiben kudeaketan aritzen denak, udalari ez diola ezer esan, eta ohiko prozedurari ez diola jarraitu. Alkateak ez daki praktika hori ilegala denentz, eta berak pisu bat egokitu zaion pertsona baten ahotik jakin omen du. Pertsona horiek, pisua egokitu zaienek, haien etxebizitzen planoak eta guzti omen dituzte. Alkateak hurrengo egunean enpresarekin hitz egingo zuela esan zuen. Anabel Landak zera dio:
– Ez dago urbanizazio-proiekturik.
– Ez dago etxebizitzak eraikitzeko proiekturik.
– Etxebizitza horiek ez dute BOE kalifikaziorik.
– Ez dago udalaren eta enpresaren arteko hitzarmenik berangoztarrek erosteko lehentasuna izan dezaten. Hitzarmenik ez badago, enpresa ez dago behartuta Berangoko jendea lehenestera. Udalak prestatuta dauka hitzarmena.
Berangoko Euskal Herria Bilduren udal-taldeak hurbiletik jarraituko ditu kasu hau eta HAPO-a garatzeko egingo diren pausu guztiak.
2.2. Bilbo – Andra Mari (Getxo) autobusaren ibilbidea aldatzeko eskaera, ikasle berangoztarrak Getxo III institutura eraman ahal izateko eta auzokide guztiak Bilbora hurbiltzeko.
Auzokide batek bere eskaera berriro eraman zuen udalbatzara. Autobus bat eskatzen du ikasleak Getxo III-ra joan ahal izateko, eta, aldi berean, Berangoko biztanle guztiek autobusez Bilbora joateko aukera izan dezaten.Aldundiari idatziz eskatuko zaio, Bilbo-Andra Mari ibilbidea egiten duen autobusa Berangotik pasa dadin. Aldundiarekin hitz egiteko eskaera hau Berangoko Euskal Herria Bilduren hauteskunde programan bazegoen.
2.3. Fridays For Future (FFF)-ko kide baten hitzak.
Berangoko auzokide batek, Elkarrekin Berangok aurkeztu zuen mozioaren sustatzaileak, hain zuzen ere, mozioak aurrera atera ez izanak etsipenak jota utzi zuela adierazi zuen. Alkateak eman zion azalpenak bertan zegoen bat baino gehiago haserretu zuen, eta emakume batek alkateak esandakoaren gainean gogoeta egin zezan esan zion Landa andreari.
FFF-ko beste kide batek ere hitza hartu zuen, baina bere galderak ez zuen erantzunik izan. Alkateak salatu zuen FFF-ko mozioa politikoa zela, estatuko beste hainbat udaletan onartu egin dela ahaztuta. Badirudi alkateak ez dakiela mundu honetan guztia dela politika; horregatik sartu gara jende asko instituzioetan, gure auzokideen bizi-baldintzak hobetzeko asmotan.
Anabel Landak izan zuen jokaera ezin da alderatu Josu Landaluzek, Sopelako alkateak, izan zuenarekin. Sopelan ere mozioa aurkeztu zen, eta bertan behera geratu arren, EAJ-ko alkatearen hitzak eta moduak adeitsuak izan ziren FFF-ko kidearekiko. Ideiak nola azaltzen diren, ahotsaren tonua, portaera… hori guztia ere bada politika.
Berangoko Euskal Herria Bilduk elkartasuna adierazi zien FFF-ko kideei, eta aditzera eman zien, gauzak asko aldatu ezean, irailean klima-aldaketaren kontrako beste mozio bat aurkeztuko duela Berangon.
3. Berangoko Euskal Herria Bilduren galderak.
3.1. Poloniarako bidaia.
Erreguen eta galderen txandan, Euskal Herria Bilduk alkatearen ordezkaritza ebazpenaren gainean informazioa eskatu zuen. Izan ere, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO-n) argitaratu behar zen, baina ebazpena sinatu zenetik hilabete pasatu da, eta ez da oraindik argitaratu. BAO-n argitaratzeko eskaera noiz egin zen galdetu genuen.
Kulturako informazio-batzar iraunkorrean Euskal Herria Bilduren bozeramaileak galdera batzuk egin zizkion alkateari, dantza-taldekoekin Poloniara egindako bidaiaren gainean: bidaia egiteko arrazoia, hitzarmenik sinatu zuen ala ez, ze berri ekarri dituen Poloniatik.. eta, batez ere, zergatik ez zituen gainerako udal-taldeak atzerrian egongo zela jakinaren gainean jarri. Landak bere adeitasun eza onartu zuen, baino inolako damu barik, eta EH Bilduren bozeramaileari ohartarazi zion ez ziola inori baimenik eskatuko atzerrira joateko. Gure kideak ez zion halakorik eskatu; alkatearen adeitasun eza baino ez zuen salatu.
Udal talde honek ez zuen alkatearen bidaiaren berririk izan informazio-iturri normalen bidez. Udalak kudeatzen dituen Facebook orrietan ikusi genuen nola joan zen Anabel Landa alkate gisa Poloniara. Bidaian udaleko beste langile bat ere (bere kontratu berria sinatu baldin badu) egon zen. Langile horri dantza-taldeak luzatu omen zion gonbidapena. Honen gaineko informazio idatzia eskatu dugu.
Berangoko alkatea atzerrian egon zen ekainaren 27-tik uztailaren 4-ra arte, Polonian, dantza-taldekoekin batera, udaleko gainerako alderdiei ezer esan gabe. Kulturako informazio-batzar iraunkorrean arrazoiak eskatu genituenean, alkateak gogogabe eta gogaituta bezala erantzun zien EH Bilduren galderei.
3.2. Udalaren Web orriak eguneratu gabe.
Udalak kudeatzen dituen web orriak ez daude eguneratuta, eta horren arrazoiak ere eskatu ditugu. Bi webgune horiek www.berango.net eta www.berangokultura.eus dira, hain zuzen ere. Gehien arduratzen gaituena webgune korporatiboaren ez eguneratzea da, bertan ez baita agertzen zeintzuek osatzen ditugun udalbatza eta komisioak, udala ekainaren 15ean osatu zen arren. Hainbat jende saiatu da udalean jada ez dauden zinegotziekin harremanetan jartzen web orriaren informazio okerra dela eta.