Dagoeneko, David Martin, Koldo Ortiz de Ginea, eta Amaia Madariaga Berangoko Euskal Herria Bilduko zinegotzi berriak dira. Ideiak argi dituztela, heldu dira udalera, berangoztarren alde lan egiteko grinaz, nahiz eta lan hori zaila izango dela jakin. “EAJ-k gehiengo osoa daukan arren, hitz egiteko prest egotea espero dugu; oposizioko alderdiok herriarentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz pentsatzen duguna entzun beharko du”-esan du Martinek. Azken hau eta Ortiz de Ginea izan dira udal hauteskundeetan Berangoko Euskal Herria Bilduk aurkeztutako aurpegi berriak. Udal talde subiranistak oso argi dauka datozen lau urteetan egin beharreko lana: “Udalaren eta udaletxearen ateak ireki behar dizkiegu auzokideei, Berangon gertatzen denaren berri emateko, gauzak nola egiten diren jakin dezaten, eta erabakietan parte har dezaten”-dio Ortiz de Gineak .
Bi zinegotzi berriekin batera Amaia Madariaga egongo da, aurreko legegintzaldietan zinegotzia izandakoa; berak emango dio udal-esperientzia taldeari. Hala esan digu Madariagak: “Udalaren eta auzokideen arteko “zubia” izan nahi dugu, eta horretarako guztioi onura ekarriko diguten proposamenak aurkeztuko ditugu”.
Berangoko Euskal Herria Bilduk 8 boto izan ditu faltan laugarren zinegotzia lortzeko. “Pena handia izan zen laugarrena ez lortzea. Izan ere, horrek EAJ-ri gehiengo osoa kenduko lioke, baina ez dago atsekabetzeko betarik; berangoztarren alde lan egiteko momentua heldu da”-azaldu du Martinek. Anabel Landak, Berangoko EAJ-ren zerrenda-buruak, hauteskundeak izan eta bi egunera, El Correo egunkariari esan zion, zegoeneko, gainerako alderdiekin hitz egiten hasia zela herriaren alde lan egiteko. “Landa andreak ez digu deitu, ezta bere taldeko inork ere ez. Ez da nirekin, ezta Berangoko EH Bilduko udal taldeko inorekin ere kontaktuan jarri, ez zuzen, ez zeharka”-azpimarratu du Martinek.
BERANGOKO UDALAREN ZINEGOTZIAK 2019-23
EAJ-PNV, 7
*Anabel Landa Gaubeka (alkatea) | *Itziar Aginagalde Avedillo | *Izaskun Zubiaur Zarraga *Carlos Juan Collado Cruz | *Aitor Miñambres Amezaga | Ederne Frontela Pascual Iker Balerdi Goiri
EH BILDU, 3
David Martín Carnicero | Koldo Ortiz de Ginea Gerediaga | *Amaia Madariaga Barroso
PODEMOS – EA/IU – EQUO – BERDEAK, 1
*Koldo Endika Martínez González
PSE, 1 *Nerea Jiménez Fernández
PP, 1 Jorge Panera Churruca
*Berangon aurreko legegintzaldietan zinegotziak izandakoak