AKTUALITATEA


| 2020-05-17 12:06:00

Aurten laugarren urtez antolatu duzue Beasainen Trans-zikloa, baina tamalez, COVID-19aren ondorioz ez da aurreikusi bezala aurrera ateratzerik izan.

 

Maddi Imaz / Ekaitz Goikoetxea : Bai, hala da. Aurreko urteetan bezala, aurten ere esparru eta adin tarte ezberdineko beasaindar eta goierritarrei begira, egitarau orotariko eta anitza genuen prestatua: herriko irakurle taldearekin Kattalin Minerren Moio liburuaren lanketa, Beasaingo ikastetxeetako gurasoentzat Trans-formatzen jardunaldia, Ama-alu-lur antzerkia eta bertso trans-saioa. Zoritxarrez Moio liburuaren lanketa baino ezin izan dugu egin, gurasoen aldetik parte hartzeko izena emandakoen kopurua gora eta gora zihoanean, jardunaldien eguna baino pare bat aste lehenago, COVID-19ak gure egunerokoa aldatu eta prestatuak genituen gainerako ekitaldiak bertan behera uztera behartu baikintuen. Hala ere, dezakeguntxoan, nor bere eremuan eta euskarriekin ari gara aniztasunari begirako ekimenak sortu, sustatu eta zabaltzen.

 

 

Nola oroitzen duzue lehen Trans-ziklo hura? Noiz, nola eta zergatik eman zenituzten lehen urrats haiek?

 

EG: 2017a zen. Ni garai hartan Iruñerrian nenbilen klaseak ematen, eta astelehenetik ostiralera Iruñean bizi nintzen. Ni, izan, betidanik izan naiz aniztasunak abarkatzen dituen gai ezberdinekiko sentibera, baina orduan ikasle eta gaur egun lagun dudan Mikele Granderen eskutik identitatearen eta sexu-generoen inguruan hausnartzen eta ekimen berriak sortzen hasi nintzen. Artean, apenas zegoen materialik euskaraz gai hauen inguruan, eta ikasleek jasotzen zuten sexu-heziketa hutsaren hurrengoa, azalekoa eta oso murriztailea zen. Basarri bertsopaper lehiaketan saritua izan zen transexualitatearen inguruko bertso-sorta musikatu eta ikasgeletarako lanketa bat prestatu nuen, Mikele Grande berarekin eta beste ikasle eta lankide batzuekin batera arrakasta handiz herriz herri eskaini dugun Mahaitasunez / Mésame proiektua ere bai, eta baita urtebete geroago Garazi Zabaleta eta Aitor Lanasekin argitaratutako dokumentala ere. Garai hartan, eta gaur egun areago, oso harreman hurbila nuen Beasaingo udalean berdintasun zinegotzia zen Irma Arnaizekin. Ikaragarrizko sentiberatasuna du etorkin, emakume, LGTBIQ+, orotariko zapalkuntza eta injustiziak pairatzen dituztenenganako, eta elkarren ezagutza dugunetik, oso ondo hartu izan dugu elkar. Esku artean nituen proiektuen berri eman nionean, Goierriko Zubia ere oso ekimen ederrak abian jartzen ari zela, eta Beasainen elkarrekin Trans-ziklo bat antolatzea proposatu zidan. Lehenengo bilera haietatik pertsona eder eta zoragarriak ezagutzen joan naiz hiru urteotan, nire egunerokoa ez ezik ni neu ere ikaragarri aberastu nautenak.

 

MI: Nire kasuan, etxean dudan transexualitate kasua aintzat hartzen badugu, nire bizitzaren ibilbidean zehar gai hauekiko gizarte mailan dagoen hutsunea datorkit burura, azken finean etxean gizarte sistema honek ezartzen dituen eredu hegemoniko horien ondorioak lehen pertsonan pairatu baititugu. Hori horrela izanik, izugarrizko beharra ikusten nuen honen inguruan zerbait egiteko.

Oroitzen dut, Hitz irakurtzen ari nintzela, halako batean Goierriko Zubia taldea agertu zela bere buruaren aurkezpena egiten, eta egia esan ezin dudala Trans-zikloaren sorreraren inguruan hitz egin nire taldekideak eta nire egoera pertsonala oroitu gabe.

Goierriko Zubiako kideekin jarri nintzen harremanetan une horretan bertan parte hartu nahi nuela azalduz. Izugarri ondo hartu zuten nire eskaintza, eta elkartzen hasi ginenean, milaka ideia izan genituen Beasain mailan egiteko. Beraz, udalera jo genuen eta,  Ekaitzek aipatu duen bezala Irma Arnaizekin harremanetan jarriz izugarrizko taldea sortu genuen, Eli Manterola (berdintasun teknikaria zena), EH Bilduko zinegotzia zen Zezilia Herrador, Ekaitz eta Goierriko Zubiako kideok.

Hortik aurrera, Trans-zikloa, ikaste prozesu bezala hartzeaz gain, emozio eta sentimenduez beteriko prozesu bat dela esan dezaket. Bide guzti horretan pertsona ikaragarriak ezagutuz eta nire barnea aniztasun kolorez jantziz.

 

Lehendabiziko Trans-ziklo hartatik zuen eskaintza ez da egun bakarreko ekitaldietara mugatu. Beti izan dira orotarikoak eta anitzak.

 

EG: Bai, garbi geneukan eta daukagu edozein gairekiko lanketari, eraginkorra izango bada, jarraikortasuna eman behar zaiola, horregatik saiatzen gara hiruzpalau hilabetean zeharreko egitarauak ontzen. Halaber, eta aniztasunaz dihardugula, ezinbesteko irizten diogu gure eskaintza ere anitza eta zabala izateari, bai hartzaileei bai ekitaldiei beraiei begira. Lagundu ahal izateko ezagutza funtsezkoa izanik, formakuntza beti egon da eta egongo da presente gure egitarauetan: hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, ikasleekin lanketak… Eta formakuntza adierazpide ezberdineko sorkuntza eta emanaldiekin uztartu izan dugu, ahalik eta herritar gehienen beharrak asetu nahian beti ere: bertso saioarekin, antzerkiarekin, dokumentalarekin, Mahaitasunez / Mésame jaialdiarekin, Anariren kontzertuarekin, irakurle taldearekin…

 

 

Lau urteotatik, orain arteko ibilitik zer nabarmenduko zenukete?

 

EG: Trans-zikloa Beasainen indartsu sustraitzen eta errotzen ari den zikloa dela. Urtez urte antolatu ditugun ekitaldiek sekulako harrera izan dute, Igartza Jauregia behin baino gehiagotan bete dugu, irakasleei eskainitako jardunaldietan 60 irakasle kanpoan geratu ziren eta ikastetxeetako lanketak ere ikaragarri ondo baloratu izan dituzte ikasleek. Euskal Herrian ez da izango, edo izatekotan oso gutxi,  urtero-urtero lau hilabetean zehar horrelako eskaintza oparoa duen trans-ziklorik. Punta-puntako hizlari, bertsolari, kantari eta sortzaileak izan ditugu gurekin: Aingeru Mayor, Bea Sever, Aitzole Araneta, German Urteaga, Anari, Mikele Grande, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Manu Goiogana, Uxue Alberdi, Maider Arregi, NAIZEN elkarteko nerabe eta gurasoak, Ibane Imaz…

Ekitaldi eta emanaldi bakoitza izan da bakarra eta errepika-ezina, baina nik eragin zidaten zirragatik bi nabarmenduko nituzke: batetik, Goierriko irakasleei eskainitako Trans-formatzen jardunaldia, duen esanguragatik eta ederra delako Igartza bete-bete eginda, eta toki faltagatik 60 bertaratu ezinda, begi-belarri formatzen ikustea. Bestetik, nire ikasle eta lankideekin batera Mahaitasunez / Mésame herritarren aurrean eskaini nuenekoa. Ederra izan zen Mikele Grande elkarrizketatzeak eragin zidana, baina are ederragoa iaz Ibane Imaz herritarrarekin partekatu nuen solasaldia. Lehen aldia zen bere bizipenez publikoan hitz egiten zuena, non eta bere herrian, Igartza gainezka zela, heldu, gazte, ume, beasaindar, goierritar, ijito, euskaldun, gaztelaniadun, kolore guztiak ostadar berean bat eginik. Sekula ez dut une eta gune berean horrelako aniztasunik bizi izan, oso oso ederra izan zen. Banuen beharra Ibaneri herritarren txalo artean bere indarra eta bide-urratzaile izana eskertzekoa eta  uste dut asmatu genuela. Arrasto eder eta sakona utzi didan eguna izan zen

 

MI: Ziklo bezala izugarri potentea izateaz gain, Ekaitzek esan bezala harrera oso ona duten jarduerak izan dira burutu ditugunak, bide guzti honetan gai honen inguruan lanketa izugarria egin duten eta egiten ari diren pertsonak ezagutzeko aukera izan dut: Bea Sever, Mikele Grande, Elaxar Lersundi… eta honek “famili” moduko bat izatera bideratu gaitu, azken finean, egoera antzekoak bizi izan ditugun pertsonak elkartzean loturak sortzen direlako.

Baina niretzat bada ziklo honek eman eta ematen jarraitzen duen zerbait: aniztasuna bere osotasunean eta barne hazkuntza. Niretzako ikaragarria izan da bide guzti honetan zehar ikasi dudan guztia, pertsona anitzak ezagutzea zein ederra izan daitekeen ohartzeaz gain, niretzako eta etxean izan dugun egoeraren aurrean, prozesu hau zeinen askatzailea izan den datorkit burura.

Ni ere, nire ahizpak, Ibane Imazek, parte hartu zuen ekimenarekin gelditzen naiz, azken finean Igartza aniztasunez jantzi genuen arren, emozio eta sentipen mailan ikaragarria izan zelako nire ahizpa izan duen bizitzaren inguruan lehenengo aldiz hitz egiten ikustea, bere herrian eta hainbeste pertsonaren aurrean. Begirada momentu haietara eramanda, sentitu nuen guztia loratzen zait barnean eta emozionatu egiten naiz. Azken finean, egoera honen aurrean pairatu ditugun eraso guztiak ezerezean gelditzen direlako, Igartza herritar anitzez betetzen dela ikustean, eta bertaratzen direnek zure errealitatea zein den ezagutu eta horren inguruan hausnartzeko pausoa ematen dutenean. Nire barnean bazegoen bizi izan dugun sufrimendu hori herritarrei helarazteko halako behar bat…

  

 

Beasainen, zuen inguru hurbilean nola bizi duzue aniztasuna? Sentiberak al gara izaera eta adierazpide ezberdinen aurrean? Aurrerapausorik eman al dugu? Zertan sakondu beharko genuke gehiago?

 

EG: Pausoak eman eman dira, baina behar baino gutxiago eta motelago. Gaur egun duela 15 urte antolatzen ez ziren zikloak antolatzen ditugu, gaur egun duela 15 urte ez ziren elkarteak ditugu, materiala, baliabideak... Baina egunerokoan ohikoa ez denak, “ezberdina” denak beldurtu egiten gaitu oraindik. Eta zer pentsa ematen du, izan, zorionez, denok baikara ezberdinak, bakarrak eta errepika-ezinak. Izan diot, baina tamalez oraindik izateko sekulako borroka egin behar izaten dute askok, ikaskideen, herritarren, jendartearen onarpenik eta begiradarik gabe askotan. Ilegorriak edo ezkertiak diren pertsonak dauden bezala, badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak ere, eta guztiak dira eta gara ederrak, ez dago gorputz oker edo okerreko gorputzik (askotan irakurri eta entzun izan dudan bezala),  okerrak aniztasuna ulertzeko, errespetatzeko eta baloratzeko gai ez diren begiradak dira. Eta onartzeko, ontzat hartzeko, ezagutzea, formatzea ezinbestekoa da, entzutea, partekatzea, bizitzea. Jendartean, oro har, eta jakina, Beasainen ere bai, urrats asko dauzkagu emateko trans, gay, lesbiana, ijito, musulmanekiko sentiberatasunean. Elkarbizitza elkarrekin bizitzea da, ez elkarren ondoan. Nahastea, elkar ezagutzea, partekatzea. Eta horretarako, gure sentiberatasuna eta aldarriak egun seinalatuetara mugatu gabe, jarraikortasunez eta esparru guztietan egin behar da lan. Ikastetxeetan sexu-heziketa oso eta anitzak behar dira, giza eta baliabide ekonomikoak udaletan (berdintasunak, aniztasunak eta elkarbizitzak lehentasun eta oinarri izan behar luke udaleko politika eta erabakietan),  eta bestelako jarrera eta harrera bat norbanakoongan. Eta norbere buruarengandik hasita, dagokionari ardurak eta erantzukizuna eskatu behar zaizkio. Beasain bezalako herri batean, eta XXI. mendean, direna izateko zailtasunak eta oztopoak dituzten herritarrak izatea lotsagarria eta onartezina da, eta zoritxarrez badira. Bada, urteroko zikloez harago, jakin dezatela gu noiznahi ondoan izango gaituztela bidea elkarrekin urratzeko.  

 

MI: Ekaitzek esan duen bezala, nik ere hutsune asko ikusten ditut herri mailan eta gizartean oro har. Baliabideak, izan baditugu, aniztasunari eta sexu-heziketa egoki bati eutsi eta hauetan sakondu, landu eta ahalik eta eraginkorrenak izateko, eta instituzioen lana ezinbestekoa da horretarako.

Niretzako, eta EH Bilduko zinegotzia naizen unetik, berdintasun politikak egitetik salto bat egin behar dugu feminismoa erdigunean kokatzen duten politikei helduz. Eta horretarako, ezinbestekoa da instituzio publikoetan, eta kasu honetan, Beasaingo udalean, genero eta sexu aniztasuna oinarritzat hartuz eta herriko talde feministekin elkarlanean arituz, gai honen inguruko lanketa bat egin eta herriko esparru guztietara zabaltzea.

Bestalde, esan beharra daukat udalak berak horrelako ziklo bat martxan jartzen duen unetik, ikastetxeekin lanketa bat egitea beharrezkoa dela (orain arte egin izan den bezala), Trans-zikloaren barnean bigarren hezkuntzan eman izan ditugun hitzaldiak nerabeengan izugarrizko eragina izaten dutelako, eta, adin horietan izaten direlako gatazkarik handienak.

Gizarte honek ezarri dizkigun irizpide hegemoniko horietatik at gelditzen den pertsona orok honen zapalkuntza bizi izan ohi du modu batera edo bestera, eta izugarrizko akatsa da gure beldurrengatik, edota gure argia pizteko besteen argiak itzaltzea. Bada garaia, gizarte anitz batean bizi garela onartzeko, ez bakarrik alor honetan, baizik eta gizarteak biltzen dituen aniztasun adierazpide guztietan.

LGTBIQ+ kolektiboan kokatzen diren pertsonenganako fobiaren aurkako egun honetan, hezkuntza afektibo-sexualaren garrantziaren aipamena egitea gustatuko litzaidake, oinarrietatik aniztasun eta naturaltasunean biziko bagina, ez litzatekeelako horrelako egunik izango. Horretan jardun eta eragin behar dugu, eskoletatik, etxeetatik eta kaleetatik, denok baitugu izateko eskubidea, izan aditzik gabe, ez garelako.