Etika.
Definizioz, ona eta egokia moralki aztertzeaz arduratzen den filosofiaren adarra da. Etika politikoa, beraz, politika arloari zuzendutako azterketa dela esan genezake. Zertara dator baina, etika, etika politikoa eta liberatuak nahastea? Ondo da, jarraian, Beasaingo azken Osoko bilkuran gertatutakoa salatzera gatoz!
Kokatzearren: Beasaingo Udalak, duen egiturarengatik, 5 liberatu politiko izateko aukera du, eta EUDEL-eko taulan (taula honek, biztanle urkila baten araberako soldata gomendagarri bat zehazten du kargu publiko bakoitzarentzat) 10.000-20.000 biztanleen lerroan kokatzen da. Orain artean 2 liberatu izan ditugu herrian, Alkatea eta Alkateordea.
Herriak dituen beharrak eta gure taldeak behar bezalako jarduna ziurtatu asmoz, oposizioko talde bezala dagokigun liberatua edukitzeko eskaera luzatu genuen. Hasieran, gure liberazioa bi pertsonen artean banatzea eskatu genuen, baina Alkatearen borondatepean dagoen erabakia denez, UKATU egin zigun. Badakizue, borondate ezak dituen ondorioak… Ondoren, eskaera norbanako bati zuzendua egin genuen, hau da, pertsona bakarrak liberazio osoa eskuratzeko egin beharrekoak egin eta, azkenik onartzea besterik ez zuten izan. Hala ere, EAJ-k dagozkion bere 2 liberatu gehiago eskatuko zituela jakinarazi zigun. Ados, euren eskubidea izanik, ezin ukatu! Baina, juxtu orain? Badirudi baietz…
Orain Etikaren bueltan dantzan hasiko gara. Jakin badakigu, gure Alkatearen soldata dagokion lerroko maximoa dela, hau da, Beasainek 13.800 biztanle pasatxo izanik, 20.000 biztanle balitu adina kobratzen du: 71.000€ bueltan, urtero. Hi, majo!
Guk, ordea, gure liberatuari dagokion soldata gure Herriko errealitateari binkulatzeko eskaera egin genuen. Hiruko erregela egitea besterik ez da! Noski, ez gureari bakarrik. Irizpide hau, gainontzeko liberatuekin ere aplikatzea eskatu genuen. Ba, ziurrenik algara arteko handikeria- bilera batean, gure eskaera onartzea pentsatu zuten, hori bai, euren 2 liberatu berriek, dagokien MAXIMOA kobratuko dute.
Posible al da, kargu BERDINA hartzen duten 3 zinegotzik DESBERDIN KOBRATZEA? BAI. EAJ-ren ustezko berdintasun irizpideak argudio, gaur egungo soldata arrakala zabaltzen dihardute! Eta erabaki hauek hartzeko formari dagokionez, betikoa: 5 minutuko etenaldi batean, bulegoan sartu eta ttak! Urte oso baterako erabakia sukaldatuta… Handikeria hauek ezin ditugu onartu!
Orain dela ez askora arte, zoru etikoa aipatu izan dute (euren lagunekin batera). Ea noizbait sabai etikoren batez hitz egiteko tartea hartzen duten! Eta ETIKOA diogu, ez legala. Politika ez baita arlo legaletik soilik egin behar, nolabaiteko koherentzia puntu bat ere behar da!
Momentuz, Udal Gobernu honen etikari usain onik ez dario, eta koherentzia: POLTSIKOARENA!
Nahikoa da!