AKTUALITATEA


| 2025-11-27 13:19:00
  • Udal Osoko Bilkurari aurkeztutako eskari baten bidez, Gobernu Taldeari eskatu dio osa ditzala Berdintasun Legea betearazteko Udal honek dituen baliabide urriak.
  • María Solarrek azpimarratu nahi izan du erakundeek indarkeria matxistari modu eraginkorrean erantzuteko baliabide nahikoak izatearen garrantzia.

Maria Solar Barakaldoko zinegotzi eta EH Bilduko bozeramaileak jendaurrean azaldu du proposamenaren nondik norakoa, eta azaroko ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, alderdi subiranista eta ezkertiarrak uste du gaur egun Barakaldok ez duela udalerriaren dimentsioarekin bat datorren udal egiturarik berdintasun proaktiboko politika edo erabiltzaileei kalitatezko arreta bermatzeko.

Solarrek adierazi duenez, “Azaroaren 25a Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, azpimarratu nahi dugu garrantzitsua dela erakundeek, eta bereziki udalek, indarkeria matxistari eraginkortasunez erantzuteko baliabide nahikoak izatea. EAEko kasuen gorakadak, Bizkaian eta Barakaldon ere ematen denak, premia hori indartzen du. Izan ere, Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren arabera, kasuak esponentzialki hazi dira, 2024an 216 emakume artatu baitziren, eta datu horrek bikoiztu egiten ditu 10 urte lehenago artatutako kasuen kopurua”.

Zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak gogorarazi duenez, “Barakaldok 100.000 biztanle baino gehiago ditu, eta bere dimentsioarekin eta bere gain hartzen duen erantzukizun instituzionalarekin bat datozen baliabideak behar ditu. Gaur egun, Berdintasunerako Legeari lotutako udal-egitura guztia berdintasun-teknikari bakar baten mende dago. Teknikari horrek berdintasun-politiken diseinuari, inplementazioari, sustapenari eta ebaluazioari nahiz indarkeria-kasuei arreta ematen die. Figura bakar batek bete ezin duen zerbait, berdintasun politika proaktiboa edo erabiltzaileei kalitatezko arreta bermatzeko”.

Azkenik, Maria Solarrek aurkeztutako ekimenaren zentzua azaldu du. “Horregatik guztiagatik, eta azaroaren 25aren esparruan, Gobernu Talde honi proposatzen diogu indarkeria matxistan espezializatutako teknikari berri baten sarrera balora dezala, indarkeria matxistarekin lotutako gaiak esklusiboki artatzeko (arreta, kontzientziazio programak...). Figura berri hori horretarako egokien iritzitako bitartekoak edo baliabideak erabiliz gauzatzea proposatzen dugu ”.