Belit Solar Barakaldo Kirolak-eko Zuzendaritza Kontseiluko EH Bilduko ordezkariak jakinarazi duenez, “maiatzaren 12an Barakaldo Kirolak-eko Zuzendaritza Kontseiluaren ezohiko eta premiazko deialdia egin zen, kirol instalazioak mantentzeko pleguak onartzeko. Hau da, kontratuaren irizpideak onartu ziren bizilagun batek bere auzoko pilotalekuko argiak hautsi direlako deitzen duenean konponketa azkarra bermatuta izan dezan. Edo kirol-klub batek udal instalazio abtean megafonia apurtuta dagoela jakinarazten duenean, erantzun zehatza jaso dezan ”.
Ezkerreko zinegotzi subiranistak azaldu duenez, “kontratuaren kostua % 11 igotzea aurreikusten da. Baina, gure ustez, ez dio erantzuten Barakaldoko kirolaren benetako beharrei, ez baitie bermatzen gutxieneko mantentze-lanak udalerriko kirol instalazio guztiei. Izan ere, Lasesarre eta Gorostizako kiroldegietan eta Lasesarreko futbol zelaian soilik bermatzen baita mantentze-lanetarako langileen gutxieneko presentzia”.
“Hau da, egunero eta modu jarraituan erabiltzen diren kirol-instalazioek, hala nola barakaldar pilotalekuak, udaleko gainerako futbol-zelaiek edota bolatokiak edo skateparkak bezalako instalazio irekiek ez dute mantentze egokirik bermatuta izango. Eta horren ondorioz, bizilagunek dagoeneko bizi dituzten egoerak errepika daitezke. Adibidez: ilunpetan entrenatzea hilabeteetan, instalazio elektrikoak apurtuta edukitzeagatik; udal pilotalekuaren klimatizazioa apurtuta egon eta ez konpontzeagatik, kirol ekitaldiak geldiarazi behar izatea edo ekitaldi jendetsu bat egiten den bakoitzean haizagailuak kontratatzea; edota aldageletako armairuak erabilgarri ez egotea, konpondu ditzakeenik ez izateagatik ”.
Azkenik, Belit Solarrek adierazi duenez, “azken zuzendaritza kontseilu horretan eskatu dugu instalazio guztietarako gutxieneko asistentzia prebentibo eta zuzentzaileko orduak sartzea, batez ere entrenamenduak eta lehiaketa arautuak dituztenentzat, udalerriko klubek egunero erabiltzen baitituzte”.