AKTUALITATEA


| 2020-07-23 11:21:00

Gaur, uztailak 23, Visesak Azkoitiko Udalarekin duen Nagusia 80 eraikinaren inguruko akordioari uko egin dionaren berri izan dugu. Etxebizitza eraikinaren lanek izango luketen gainkostu eta konplexutasunagatik atzera egin du eta eraikina Udalari itzuliko dio.

 

Albiste kezkagarria den arren, aukera paregabea dela deritzogu Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean elkarlanean eraikin horri beste erabilera bat emateko. Hau da, gaur egun San Jose egoitzan kokatuta dauden pisu tutelatu eta eguneko zentroa herrira gerturatzeko aukera aztertu eta gauzatzeko.

 

Nagusia 80kiko EH Bilduren proposamena hori izan zen hasieratik, pisu tutelatuak herri erdigunera jaistea eraikin hori erabiliz. Badakigu horrek ez lukeela egoiliar guztien beharra asetuko, baina pausu handi bat izango litzakeela ziur gaude eta ezin dugu aukera hori galtzen utzi. Herriko adinduak herrian integratzeko aukera paregabea dugu esku artean.

 

Alderdi guztion nahia da egoitza herrira ekartzea, bertakoen bizitzak duintzeko. Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuari eskua luzatzen diogu ireki zaigun aukera berri horretan elkarrekin lan egiteko proiektua aurrera ateratzeko.