Prentsak, duela aste batzuk, eman digu berriro ere asaldatzeko arrazoirik. Albisteak zioen, Iberdrola, Lemoizko zentral nuklearra egon zen lurra lehengoratzeko erantzukizunetik libratu dela. Hori nahikoa ez eta, erantzunbehar horren ardura Eusko Jaurlaritzaren kargu geratu da. Eta honek zer esan nahi du? Beste hitz batzuetan, kontu honengatik Iberdrola-k ordaindu behar zuen dirutza andana Eusko Jaurlaritzaren patrikatik aterako dela, gu herritarron poltsikoetatik, alegia.
Baina denboran pixka bat atzera egin, eta aztertu dezagun Lemoizko munstroaren historia:
Iberduero-k proiektatutako zentral nuklearra eraikitzeko iruzurrezko baimenak jaso eta, 1972an, obrak hasten dira. Eraikuntza hau legeztatzeko, obrak kaltetutako herriek presio, estorsio eta mehatxu ugari jasotzen dute Iberduero-k ezarritako baldintzak betetzeko. Lurrak desjabetzea nahikoa ez, eta hauen tasazio barregarriaz ere enpresa bera arduratzen da, Bizkaiko Diputazioaren babes osoarekin, azken hau ere zentral nuklearraren guztiz alde baitago.
Aldi berean, Euskal Herri osoan, zentral nuklearraren kontrako mugimenduak indar handia hartzen du, mobilizazio jendetsuak tarteko. Protesta hauek, moratoria nuklearra iragartzera behartzen du Gobernu Espainiarra, Lemoizko zentrala geraraztera derrigortuz.
Garaipen handia lortzen da, baina ez hutsaren truke, urte batzuk geroago Gobernuak 2.273.256 €-ko konpentsazioa ematen baitio lehen Iberduero, eta gero izena aldatu ondoren, egun Iberdrola denari. Diru hori, 25 urte luzez herritarrok ordaindu dugu osorik, hilero etorri zaigun argi-fakturaren aparteko ordainketa baten bitartez.
1988an, Kostaldeei buruzko Legea onartzen da, eta haren arabera, lurraren kontzesioa 30 urte barru bukatuko da, hau da, 2018ko uztailean. Baina hori ez da guztia, lege hark, zentral nuklearraren lur eremua berreskuratze lanaren ardura eta horren kostu osoa Iberdrolari ezartzea ere bideratzen du.
2018an Iberdrola sartzen da jokoan, hobeto esanda azpijokoan, eta kontzesioa bukatu baino 7 hilabete lehenago, hau Estatuari eskaintzen dio, atzetik datozen gastuak barkatzearen truke.
Hiru egun geroago, “kasualitatez”, Euskal Jaurlaritza sartzen da prozesu eskandalagarri honetan, instalazio horiek dauden bezala daudela interesatzen zaizkiola adieraziz.
Horrela, duela aste batzuk, Madriletik lursail horien zesio albistea heltzen da, baina baldintza batekin, instalazioak arazoak edo ezkutuko bizio edo akatsak baditu, Eusko Jaurlaritzak uko egin beharko diola konpentsazio guztiei.
Azkenean emaitza honakoa da: Dirua Iberdrolak ematen du, faktura herritarrok ordaintzen dugu, eta lur-eremuaren egokitzapena ere guk ordaintzen dugu Eusko Jaurlaritzak ezarritako aurrekontu eta zerga bitartez. Azken finean, oraingoan ere, Iberdrolak negozio borobila egiten du gure kontura.
Lotsagarria bezain adierazgarria. Kontuan hartu behar da, proiektu honek, garaiko Euskal Gobernuaren babes osoa izan zuela, azken hau sustatzaile lanetan ere aritu zelarik. Baina ez gaitezen hain urrutira begira jarri, oraintxe ere, Iberdrola, Eusko Jaurlaritzaren ume mimatua baita, multinazional honen historia iluna isiltasun interesatuaz estaltzeraino. Izan ere, desinformazioa euren beste tresna bat denez, eta bestalde, herritarroi gutxieneko mezuak filtratzea ere ahaztu egin zaigunez, ez dakigu Iberdrola Europako Inbertsio Bankuko zerrenda beltzean dagoela, ez dakigu Iberdrolak 2009 eta 2010ean ez zuela Bizkaiko Sozietate Zerga ordaindu, ez dakigu Brasilen eta beste hainbat herrialdeetan energia pribatizatzeaz gain, bertako komunitateak beren lurraldeetatik aterarazi eta oihan birjinak suntsitzen ari dela, ez dakigu….. beno, baina dakiguna da, 2011-n, Bilboko udalak “Ilustre de Bilbao” titulua oparitu ziola Iberdrolari.
Hau horrela, gauza batzuk ezin dira aho txikiz esan, eta garbi adierazi behar da, injustizia hauek ez direla anonimoak, bidegabekeri hauek izenak eta helbideak dituztela. Baina hemengo jauntxoek nahiago dute, diru iturria ikusita, beste aldera begiratu eta entzungor egitea, begiak txanpon-makinei bezala jirabiraka hasten zaizkien bitartean. Badakizue, “money is money”.
Ildo beretik, gauza jakina da, ate birakari edo “giratorio”en errealitatea, Comisión Nacional de Energia, Iberdrola, Ingeniería y Construcción, Repsol, Enagas, Naturgas, Petronor eta beste enpresa handi batzuetako administrazio kontseiluetan eta beste kargu ponposoetan agertzen diren hemengo politikari ohien izenak ugariak baitira. Gauza beraz ohartzen gara, bertoko Diputazioetan eta enpresa publikoetako goiko postuetan azaltzen diren karguen izen-abizenei begiratzen badiogu. Hori horrela, ustelkeria kasuak ere bata bestearen atzetik ezagutu izan ditugu. Hauetako batzuk aipatzeagatik, ezagunak egiten zaizkigu Balentziaga kasua, Bidegi kasua, Epsilon kasua, Hiriko kasua, Miñano kasua, De Miguel kasua, Osakidetzako azterketak,…
Gure agintariek sinestarazi nahi digute, politiko zuzen eta ondraduak direla, erabakiak hartzerakoan herritarren iritzia kontuan hartzen dutela, eta gardentasun eta gertutasunean oinarritzen den kudeaketa publikoa sustatzen dutela. Baina ez da horrela, hemen guztia herriaren izenean egiten da, baina herria kontuan hartu gabe. Horren adibide, azken aldi honetan egin diren edo egiten ari diren hainbat proiektu faraoniko, esate baterako, Abiadura Handiko Trena, Bizkaiko Super Sur, Zubietako zabortegia, Donostiako metroa,… eta bitartean, aurrekontuetako datu makroekonomiko distiratsuaz baliatzen ari dira errealitate mikroekonomikoak ezkutatzen jarraitzeko. Inbertsio publikoak ekonomiari tira egin behar dio, baina ez beti porlana eta asfaltoa lehenetsiz, orduan diru gutxiago geratzen baita berez behar-beharrezkoak diren gaietarako. Hain entzutetsu egiten zaizkigun “Euskal agenda”, “Orain Gipuzkoa” eta antzeko izenburu potoloak dituzten ekimenak ondo daude, baina beti herritarren nahiei eta benetako beharrei zuzenduta badaude.
Gauzak horrela, eta adibide bat aipatzeagatik, gogora ekar dezakegu zaharren egoitzak kudeatzeko politika instituzionala. Populazioa zahartzen ari da, eta egun, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren herenak (596.000 pertsona), 65 urte baino gehiago ditu. Zaharren egoitzen eskutik, zerbitzu publikoa eskaintzen da, baina enpresa pribatuak ari dira kudeaketa lanetan, eta hauek, beren emaitzak lehenetsiz diru etekina bilatzen den momentutik, zerbitzua murriztu egiten da, eta era berean, zaintzaren kalitatea kaltetu, gero eta kualifikazio txikiagoko langileak kontratatuz eta langileen lan-baldintzak muturreraino okertu eta larriagotuz.
Egia da, beste herrialde askorekin alderatzen badugu, hemengo egoera bestelakoa dela, baina ez bota suziririk, oraindik asko baitago egiteko. Gure ingurura begira jartzen bagara, berehala konturatzen gara, zenbat pertsona bizi diren gutxieneko egoera duin batetik haratago. Instituzioetatik errealitate hauek behin eta berriz ezkutatzen zaizkigu, baina duela egun batzuk, Caritas-ek atera berri duen txostenak zalantza guztiak uxatzen ditu, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik ez duen lagun kopuruak gora egin duela adieraztearekin batera, 334.000 pertsona kontabilizatzen baititu gizarte-bazterketa egoeran. Horren jakitun izanda, nola ausartzen dira hemengo agintariak, “Oasis vasco” delakoan bizi garela aldarria egiten?
Tristea da, baina horrelako albisteek egun bat besterik ez dute irauten komunikabideetan, pobreak ez baitira benetako albiste izaten, aberatsei arazoak sortzen hasten ez diren bitartean behintzat. Gaur egun, merkatu eta aberats gutxi batzuen irizpide komertzialak markatzen duten jendarte antolaketa konkretu baten bizi gara, eta sistema honen helburua ez da pertsonak pobretasunetik salbatzea, kapitalak dirua irabaztea baizik. Horren adibide garbia, banku eta kutxen erreskate eskandalagarria izan da, Madrileko Gobernuak 65.000 milioi gastatu ondoren, 15.000 milioi besterik ez baitu espero bueltan jasotzea. Sinestezina ematen du, baina egia da, horrenbesterainoko lotsagabekeriarekin burlatzen dira politikoak gutaz. Honek konklusio batera eramaten gaitu, enpresa handi, banku, kutxa eta bertako akziodunek ondo irabazten dutenean eta burtsako indizeak onak direnean, ekonomia ondo dabilela gure agintarientzat, besterik gabe. Baina, zergatik ez dituzte kontuan hartzen, benetan herri honen osasuna eta ongizatea markatzen dituzten adierazleak? Zergatik ez dira kontuan hartzen langabezia, txirotasuna, erakunde publikoen kudeaketa pribatua, gazteek etxea lortzeko dituzten arazoak, pentsionisten buru hausteak, bizi kalitatea,… azken finean hemengo herritar arrunten benetako arazoak?
Gauza asko egin dira ondo, ez dago dudarik, baina jada ez du balio zerbait gaizki egindakoan, azalpen antzuekin justifikatu ezina justifikatu nahian ibiltzea, jada ez du balio Banku eta kutxek joera soziala dutela esatea, jada ez du balio politika, hauteskundeei begira bakarrik ulertzea, jada ez du balio inolako autokritikarik gabeko autokonplazentzia etengabean murgiltzea, jada ez du balio beste iruzur kasuei kritika gordina egin eta norbere azpilan eta iruzurrak hamaika giltzarrapoz ixtea.
Horrenbestez, mezu garbia doa hemengo agintarientzat, utzi demagogia egiteari, eta behingoz, egin aurre herritarren benetako kezka eta arazoei.
Kepa Alberdi
*EH Bilduk ez du bere gain hartzen webgune honetan partikularrek adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik.