AKTUALITATEA


| 2023-05-11 20:30:00

Batzarra egin dugu gaur, maiatzaren 11n, iluntzeko 19:00etan, Emnakumeon plazan, herri programa aurkezteko eta maiatzaren 12an hasiko den kanpainaren nondik norakoak azaldu eta hitzordu garrantzitsuenak plazaratzeko.

Xabier Urdangarin alkategaiak luze eta xehetasunez azaldu du herri programa.

Laburbilduz, adierazi du herri programan dagoela hurrengo lau urteotarako Astigarragako EH Bilduren proposamena. Gaineratu du programa hau osatzeko, martxoa eta apirilean zehar herriko eragileekin bilerak egin zirela eta apirilean programa lantzeko tailer irekia eta hori guztia osatu dutela azken lau urteotan udal gobenuan egindako lanaren esperientzia eta ezagutzarekin uztartuta.

Jarraian programako proiektu esanguratsu eta estrategikoen inguruko azalpenak eman ditu, hala nola: anbulatorio berria, kiroldegia, adineko pertsonentzako ekipamendua, Kultur Etxe zaharra gazteentzat... Horrekin batera, energiarekin eta irisgarritasunarekin lotura duten proposamenak, plan orokorra berrikusteko prozesuari buruzko proposamen nagusiak (ekipamenduak, etxebizitza, landa eremua)  eta arloz arloko proposamenak aurkeztu ditu. Gaineratu du gauza interesgarri asko daudela herri programan eta merezi duela patxadaz irakurtzea.

Adierazi du programa hori egin egingo dugula, aurreko agintaldian egin eta aurrera atera ditugun beste hainbat eta hainbat proiektu bezala, lan asko egin behar dela baina egin egingo dugula.

Kanpaina, maiatzaren 12tik arrera

Jarraian Andoni Gartzia zerrendakideak kanpainako hitzordu garratzitsuenen datak zehaztu ditu eta adierazi kanpaina txukun bat egingo dugula, helburu argi batekin, astigartarrek gurekin bat egitea.