AKTUALITATEA


| 2023-02-07 11:08:00

Arrasateko EH Bildutik jakitera eman nahi dugu Arrasateko EH Bilduren zerrendaburua hautatzeko prozesua amaitu dela, eta bilkideek Maider Morras Azpiazuren hautagaitza berretsi dutela. 

Maider Morras Azpiazu

Maider Morras Azpiazu (Arrasate, 1976) abokatua da formazioz eta ofizioz. Zuzenbidean lizentziatua da, eta Bitartekaritza Familiarreko Gradu-ondoa burutu zuen 2004-2005 ikasturtean, biak ala biak UPV-EHUn. Eta lan horretan dihardu ordutik. Mondragon koporazioan bi urtetako ibilbidea egin ostean, Bitart abokatu bulegoa sortu zuen Arrasaten, eta gaur gaurkoz abokatu eta bitartekaritza zerbitzuak eskaintzen ditu. EHUko Zuzenbide Fakultatean irakasle ere izan da hainbat ikasgaietan. 

Esperientzia politikoari dagokionez, gobernu esperientzia eta ezagutza zabala dauka. 2011-2015 legegintzaldian zinegotzi eta Udal Gobernuko bozeramale eta Berdintasun saileko arduraduna izan zen Bildurekin. 2019-2023 legegintzaldian EH Bilduren bozeramaile gisa dihardu.

Lantaldea

Zerrendaburuarekin batera lantalde osoaren diseinu eta harreman lanetan ari da Arrasateko EH Bildu. Zerrendaburu on bat bezain garrantzitsua delako lantalde profesional, dedikatua eta anitza aurkeztea. Elkarlanean eta lankidetzan oinarritutako lantaldea izango da, diziplina anitzetatik eratorritakoak eta Arrasateri ekarpenik onena egiteko prest izango direnak. 

Proiektua

Hautagaiak proiektu bat Udalera aurrera eramateko ordezkariak dira. EH Bildun, hurrengo urteetan Udaletik zein herritik bultzatu nahi dugun herri eredua eta proiektua eguneratzen dihardugu aste hauetan. Eraldaketa, eraikuntza, elkarlana eta ezkerreko politikak oinarri hartuta, EH Bildu gisa ezaugarritu gaituzten eta indartu nahi ditugun egiteko moduak errotu eta jauzi bat emateko prestatzen ari gara. Datozen egunetan emango dugu prozesu honetako hurrengo hitzorduaren berri.