EH Bilduren Arrasateko Mahai Politikoak Maider Morras Azpiazu proposatu du Arrasateko zerrendaburu eta alkategai 2027ko maiatzeko udal hauteskundeei begira. Bere ibilbide profesionalari, dedikazioari eta azken agintaldian egiten ari den lanari erreparatuz, Mahai Politikoaren iritziz, Maider Morras Azpiazu da 2023an komunitatearekin hartutako konpromisoa mantentzeko, abiatutako bideari jarraipena emateko, eta martxan jarritako proiektua gidatu eta egonkortzeko pertsona egokiena.
Herri eraldaketa egonkortzeko
2023ko EH Bilduren garaipenaren ondotik hartu zuen Maider Morras Azpiazuk Arrasateko Udaleko alkate kargua, eta, ordutik, gertuko gobernantza, berraktibazio soziala, babes komunitarioa eta hirigintza eraldaketa helburu duen herri proiektua garatzen aritu dira, epe ertain luzeko proiektu garrantzitsuei oinarri sendoak jarriz.
Proiektu horiek eskatzen dute konpromisoa berretsi, jarraipena bermatu eta egonkortasuna emateko helburuz, Arrasateko EH Bilduren Mahai Politikoak Maider Morras Azpiazu proposatu du hurrengo alkate izateko hautagaia.
EH Bilduren oinarrien azken erabakia
EH Bilduren oinarriek proposamen hau baieztatu beharko dute, urtarrila bitartean luzatuko den barne prozesuan.
Ibilbide profesionaleko pertsona
Maider Morras Azpiazu (Arrasate, 1976) abokatua da formazioz eta ofizioz. Zuzenbidean lizentziatua da, eta Bitartekaritza Familiarreko Gradu-ondoa burutu zuen 2004-2005 ikasturtean, biak ala biak Euskal Herriko Unibertsitatean. Mondragon korporazioan bi urtetako ibilbidea egin ostean, Bitart abokatu bulegoa sortu zuen Arrasaten, abokatu eta bitartekaritza zerbitzuak eskainiz. EHUko Zuzenbide Fakultatean irakasle ere izan da hainbat ikasgaietan. 2023ko ekainaren 12an hartu zuen Arrasateko alkatetza ardura, eta gaur gaurkoz lan horretan dihardu.