Kike Fdez de Pinedo: Araban soilik bi aukera daude, edo betikoak edo EH Bildu

Maddalen Iriarte: “2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an”

| 2019-05-17 22:00:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok nabarmendu du betiko politiken aurrean alternatiba EH Bildu dela. Gaur Laudioen egin den ekitaldi politikoan izan da eta bertan parte hartu dute Laudioko Alkatea Natxo Urkixok eta Legebiltzarreko bozeramailea Maddalen Iriartek ere bai. “Araban bi aukera daude: betikoen uztarripean jarraitu betiko politikekin eta betikoen mesedetara edo jendarteak eskatzen dituen politikak garatzeko herri sektoreek instituzioen agintea hartu eta herrialde bezala hazten hasi. Zentralizazioaren aurrean, guk gertutasuna eskaintzen dugu; klientelismoaren aurrean, gardentasuna; diskriminazioaren aurrean, berdintasuna; murrizketen aurrean, eskubideak; betikoen aurrean, EH Bildu”, zehaztu du Fdez de Pinedok.

 

Laudioko EAJk atzo egindako kritikei erantzun die Diputatu Nagusirako EH Bilduren hautagaiak. “Gure beldur dira. Horregatik, bizikleta estatikokoaren aldekoek, dena kontrolatzen jarraitzeko ezer ez aldatzea nahi duten horiek, marmotaren egunaz hitz egiten dute eta gobernatzen ez dakigula eta antzekoak esaten dituzte”.

 

Zentzu horretan, gogora ekarri du EH Bilduk alkatetza daukala Arabako bederatzi udalerritatan eta horietako guztietan abian jarri dituela herritarren bizitza hobetzea ekarri duten proiektuak. “Hori guztia motibazio eta ilusio osoarekin egiten dute eta, batez ere, zintzo jokatuta”. Gaineratu duenez, EH Bilduk lortu zuen PP Arabako eta Gasteizko gobernuetara ez iristea. Halaber, zehaztu du aurrekontuen bidez indarrean jarritako 100 neurri baino gehiago EH Bilduri esker egin direla. “Gure motibazioa ez da alderdikoia. Gure lehentasuna da elkartasunean oinarritutako Araba bidezkoagoa egitea, Euskal Herria libre batean”.

Maddalen Iriarte: 2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an

Bestalde, Maddalen Iriartek gogoratu du “duela 8 urte, Araban eta Laudion ezker soberanistaren olatua altxatzea” lortu zuela eta olatu hori herrialdeko instituzioetara heldu zela eta indar handiz sartu zela. “2011n Laudion eta Araba osoan altxa zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an eta orain daukaguna baino indar handiagoarekin heldu behar da instituzioetara. Sinetsita nago hori horrela izango dela. Kalean nabaritzen hasia den zerbait da”, baieztatu du Legebiltzarreko bozeramaileak.

Era berean, maiatzaren 26an “Araba eredua indartu beharra” dagoela berretsi du. “Hemen, Laudion, ondo dakizue zer den Araba eredua: herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da Araba eredua. Herritarrak babestea, inor bazterrean ez uztea, herritarrek bizi proiektu duina garatu ahal izateko kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Horixe da ezkerreko subiraniston lehentasuna, pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta hobeto biziko dira euskal herritarrak. EH Bildu agintean dagoenean edota politiak publikoak baldintzatzen dituenean, herritarren bizi baldintzak hobetu egiten direlako”, gaineratu du Iriartek.

 

Natxo Urkixo: EH Bildu Laudio bozkatzeak denon artean Laudio egitea da

Azkenik, Laudioko alkateak – eta alkategaiak- EH Bilduren estiloa balioan jarri du. “Hauxe da gure estiloa. Eguneroko lana. Jendearekin batera aritu, gure proposamenak azaldu eta 8 urteotan udalean egindakoaren berri eman. Ez gara hutsetik abiatzen, ez gara zerotik hasten. 2011ko gure motxila eder hura baita gure programaren atal nagusiena, esaten dugunaren froga materiala”, zehaztu du.

Zortzi urteko balantzerik onena programa dela aldarrikatu du Natxo Urkixok. “Bakoitzak baloratu dezan, hori da hain zuzen, laudioarrei proposatu diegun ariketa, esateko modurik onena egitea delako eta EH Bildu bozkatzeak esan nahi du guztion artean Laudio egiten jarraitzea”, azaldu du.

 

 

 

Kike Fdez de Pinedo: hemen eta orain ezkerreko alternatibarik sinesgarriena EH Bildu da

Arnaldo Otegi: “Herri honetako udal edota diputazioetako botere gune guztietatik kanporatu behar da autoritarismoa”

| 2019-05-16 22:28:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak “hemen eta orain ezkerreko alternatibarik sinesgarriena” EH Bildu dela nabarmendu du. Gaur arratsaldean Agurainen izandako ekitaldi politikoan izan da. “Araban, eta bereziki Gasteizen, berdinketa hirukoitza dugu EH Bildu, EAJ eta PPren artean. Betikoen gobernuen aroa  gainditzeko, azken 40 urteotan instituzioak kontrolatu dituzten aroa gainditzeko, ezinbestekoa da ezkerreko botoa eta boto aurrerakoia biltzea aukera gehien dituen alternatiban, hau da, alternatiba sinesgarrienean. Gaur eta hemen, EH Bildu da ezkerreko alternatibarik sinesgarriena”, esan du Fdez de Pinedok.

Bere ustez, “uzta jasotzeko unea heldu da”. Haizea alde dugu azken boladan. Irribar egin dezagun. Uzta jasotzeko aurretik erein behar da eta lurra zaindu. Hori da egin duguna Araban eta Euskal Herrian azken urteetan, horregatik pozik gaude ondo goazelako. Gure pozima: lana, zintzotasuna, koherentzia eta lurraldea eraldatzeko eta hobetzeko motibazioa”, gaineratu du Fdez de Pinedok.

Bestalde, Arnaldo Otegik “eskuina geratzeko konpromisoa” ondo bete duela adierazi du gaur arratsaldean Agurainen egindako ekitaldi politikoan, eta urrats bat harago joan da gaur. “EH Bildutik uste dugu herri honetako udal edota diputazioetako botere gune guztietatik kanporatu behar dela autoritarismoa”.

Euskal herritarren aurrean konpromisoa hartu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. “Gure botoek, EH Bilduren botoek, trifatxitoko indarrak udal edota diputazioetako botere guneetara iristea ekidingo dute. “Gaineratu duenez, EH Bilduk uko egingo die indar politiko horietako botoei, alkatetzetara edo diputazioetara iristea ahalbidetzen badiote”.

“Araba eredua”-ren defentsa egin du Otegik. “Herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da eredu horren oinarria. Zentzu horretan, gogora ekarri du aurreko legealdian, Gasteizen, EH Bilduk egin zuena Maroto alkatetzatik kanporatzeko, bigarren indarra izan arren, prest egon zelako EAJri alkatetza emateko

 

Azkenik, EH Bildu Agurainek 2011n hasitako bideari jarraipena emateko beharra azpimarratu du. Orduan Maider Garcia de Vicuñak zuzendu zuen taldea eta gaur Garcia de Vicuñak Raul Lopez de Uralde zerrendaburuari eman dio lekukoa. Azken horrek, aguraindarrek egindako herri programa balioan jarri du. “Gure programa landua eta luzea da, pertsona askoren partehartzearekin eginda, eta garrantzitsuena, betetzeko egin dugun programa da. Partehartzea, gardentasuna eta zintzotasuna dira gure kudeaketaren ezaugarriak”, esan du Lopez de Uraldek.

 

EH Bilduk lehen sektorea defendatu du Arespalditzan San Isidro Azokan

Gasteizen bide orria aurkeztu du hiria karbonoan neutroa izateko 2040. urtean eta 20.000 enplegu berde sortzeko

araba,arespalditza,azoka,lehen sektorea,san isidro | 2019-05-15 13:12:00

EH Bilduren ordezkariak Arespaldizako San Isidroko azokan egon dira gaur. Bertan, Arabako Ahaldun Nagusia izateko EH Bilduren hautagaiak estrategia agroalimentarioa defendatu. «Gaur bezalako egun batean, EH Bilduren bertan ekoiztu eta transformatutako elikagaiak defendatu nahi ditugu osasuntsuak izatez gain, lehen sektoreko etorkizuna hortik etorriko delako», azpimarratu du Kike Fdez. De Pinedok.

Berarekin batera, Aiarako eta Lur Jareetako Zerrendaburuak egon dira, Ainhize Solaun eta Eva Lopz de Arroyabe egon dira. «Natura zainduz, kalitatezko elikagaiak eskuratzeko eskubidea eta baserritarren bizi- zein lan-baldintza duinak bermatzeko xedea duten politikak. Instituzioetatik nekazaritza sektorea bera indartzea eta eraldaketarako aukerak eskaintzea sekula baino garrantzitsuagoa dela uste dugu», gaineratu dute.

Hamarkada luzeotan lurrak suntsitu dituztela gogoratu dute. Zentzu horretan, nekazaritza eta kalitatezko elikagaien sorreraren defentsan apustu garbia egin dute. «Bertako beharrak asetzeko, herriz herri eta eskualdez eskualde nekazaritza iraunkorra eta elikadura burujabetza sustatzea da gure helburua», esan du Kike Fdez. De Pinedok.

 Zero karbono herrialde lortzeko estrategiaren baitan, hori da hain zuzen zutabe. 

Gasteizko EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, Gasteiz Zero Carbon 2040 dokumentua aurkeztu du gaur. Agiriak jasotzen du koalizioak proposatu duen bide orria klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta trantsizio ekologiko osoa egiteko, karbono isurketetan neutroa den hiri bat lortu arte. Larrionekin batera, aurkezpenean parte-hartu du Ulrik S. Kohl-ek, urbanista berde eta Kopenhageko Udaleko zinegotzi ohiak. Kopenhage Karbonoan Neutroa 2025 planaren eta trantsizio berdearen proiektuaren arduradunetako bat izan da Kohl.

Mundu guztiak klima aldaketari buruz hitz egiten duenean, pausu irmoak ematea ezinbestekoa da. Hamarkada honetan ez badugu energia politikan aldaketa erradikal bat egiten, planeta osoa eta geure hiria biziezinak bihurtuko dira. «Zientzialariek ohartarazi digute, eta Europa osoko gazteei entzun diegu kaleetan: aldatzeko unea da. Erronka globala da, baina tokian tokikoa ere bai. Geurea epe ertain-luzerako proiektua da, eronkari heltzeko handinahitsua, ezin dugulako denbora gehiago itxaron», zehaztu du Larrionek.

Gasteizek baditu baldintzak trantsizio energetikoari aurre egiteko, eta lortzeko hiriaren energia hornidura %100 berriztagarri nahiz karbono isurketa kutsagarrietan neutroa izatea. «Trantsizioaren oinarriak dira autokontsumoa, energiaren kudeaketa publikoa, eta hiritarren parte-hartzea. Berriztagarrien gordailu bat dugu aurrez aurre», alkategaiaren hitzetan. Energia berriztagarria lortzeko tresna nagusia teilatuetan kokatutako panel fotovoltaikoak izango dira.

 

Bide orriak hainbat mugarri ezarri ditu. Lehenbiziko legealdian, hain zuzen ere, Energia Berriztagarrien Udal Agentzia sortuko da, eta 2023. urterako lortu nahi da udalaren argindar kontsumoaren %100 autokontsumo berriztagarriaren bidez eskuratzea. Tokiko biomasaren bidez beroa banatzen duten lehen sistemak (District Heating) zabalduko dira, Koroatze eta Ariznabarra auzoetan.

 

2030. urterako xedea da Gasteizko argindar kontsumoaren %100 beriztagarria izatea, eta auzoen erdiek izatea District Heating sistemak martxan. Gainera, 20.000 etxebizitzetan zaharberritze energetikoak egitea aurreikusita dago. Azkenik, 2040. urtean lortuko litzateke hiriaren energia kontsumo guztia iturri berriztagarrien bidez betetzea, eta karbonoan neutroa den hiria, District Heating sistemak auzo guztietan barreiatuta, eta 30.000 etxebizitza zaharberrituta.

«Proiektua aukera sozioekonomiko argia da. Inbertsioak erabat errentagarriak dira, eta amortizazio garbiak dituzte laburrera begira eta epe ertainera», azaldu du Larrionek. Lehenbiziko legealdian asmoa da 125 milioi euroko inbertsioak mugiaraztea, eta 3.000 milioi eurotik gora 20 urtetan. EH Bilduk kalkulatu du posible dela 20.000 enplegu berde sortzea datozen bi hamarkadetan: «Orain da unea. Bada garaia Gasteizek berriro ere begira dezan Europako ingurumen abangoardian dauden hirien ispiluan. Hiriaren Green espiritua biziberritzeko unea da».

Kopenhageko adibidea

Koalizioak trantsizio energetikoari ekin dioten herrialde aurreratuetako hainbat eredu aztertu ditu. Bereziki, Kopenhagen garatu dutena. Aliantza Gorriko zinegotzi ohi Ulrik Kohl-ek bere esperientzia azaldu du Gasteizen. «Kopenhageko adibideak agerian uzten du eredu energetikoan aldaketa erradikal bat egitea errealista eta beharrezkoa dela. Trantsizio berdeak ahalegin handiak eskatzen ditu, baina itzelak dira osasunean eta ingurumenean lortzen diren etekinak, eta milaka milioi euro aurreztea ahalbidetzen dute».

Kohlen aburuz, Gasteiz Zero Carbon 2040 planak «bisio egokia du eta handinahitsua da, eta Gasteizek enplegu berdeak sortzeko eta energia berriztagarrietan buruaskia izateko daukan potentzial erraldoia islatzen du».

 

 

Garraioa bultzatzeko Jundiz eta Foronda trenbidez lotzea planteatu du EH Bilduk

Miren Larrion: Betoñu eta Gamarra industria poligonoak berreskuratu nahi ditugu

| 2019-05-14 12:33:00

EH Bilduk proposatu du Jundiz industria poligonoa eta Foronda trenbidez lotzea Gasteizko aireportuan garraioa bultzatzeko asmoz. 5,5 kilometroko trenbide berri bat izango litzateke, Adifen Jundizko egungo tren-geltokitik eta 15 milioi euroko inbertsioa izango luke. Horrela azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok gaur Estarronan egindako aurkezpenean.

Proposamen honekin batera, Bilodan eraiki nahi duten geltoki intermodala eraikitzeko planak baztertzen ditu EH Bilduk. Horren ordez, egungo Jundizko une logistikoa Krispijanaraino handitzea planteatzen du bertan 750 metroko trenak hartu ahal direlarik. “Ez du inolako zentzurik merkantzia-geltoki berri bat eraikitzea egun dagoen geltokitik 2.000 metrotara, 46 hektarea okupatuz eta Bide Berdea moztuz”, kritikatu du Fdez de Pinedok.

Eremu horretarako EH Bilduren proposamenak AP1 eta A1 errepideen arteko lotune berri bat jasotzen du, Foronda aireportuko mendebaldetik Foronda bera eta Jundiz lotuz eta Estarrona beste aldera utziz. “Etxabarri-Ibiñatik Armiñoira egin den proposamena baino zentzudunagoa da, eta behin betiko konponduko ditu orain Etxabarri-Ibiña eta N-622 errepidearen lotunean sortzen diren arazoak”, azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak.

H24 eta Mugako Ikuskatze Gunea berreskuratu ostean, EH Bildu Forondako aireportua bultzatzearen aldekoa da, beti ere herri ikuspegi batetik. “Euskal aireportuen artean elkarlana eta osagarritasuna bilatu behar ditugu Gasteizko aireportuaren indarguneak aprobetxatuz garraio aireportua izateko. Horrez gain, hegaldi erregularrak, charterrak eta ozeanoz gaindiko hegaldiak erakarri behar ditugu”, gaineratu du Fdez de Pinedok.

Azkenik, Hegaraba egitasmoan jasotzen zen bezala, EH Bilduk polo teknologiko bat sortu nahi du gertu eta gutxiegi erabilita dagoen Miñao Parke Teknologikoarekin batera. Bi azpiegiturak bultzatzea du helburu eta kasu honetan, energia berriztagarriak, biozientzia eta fabrikazio aurreratua izango ditu zutabe bezala, Arabak arlo horietan puntako enpresak dituelako.

 

Gasteizek duen arazoetako bat industria arloan da ez dagoela inolako udal estrategiarik honezkero ezarrita dauden industriguneak birmoldatzeko eta horiei balioa emateko. Adibiderik onena da Gamarra eta Betoñuko industriguneen apurkako degradazioa: enpresa askok lanean jarraitzen dute, baina hutsik dauden orube asko daude, pabilioi zaharkituak, etab. Miñaoko parkea handitzeko asmoen aurrean, Gasteiztik urrun, EH Bilduren apustua da enpresa aurreratuak hirigunera hurbiltzea, beste hiri batzuetan egin den modura.

«Guk uste dugu posiblea eta beharrezkoa dela Betoñu eta Gamarra berreskuratzea enpresa jarduerak egiteko. Bereziki, erraztu nahi dugu enpresa teknologikoak eta zerbitzu aurreratuakgertuago eta hiriaren erdigunearekin konektatuta egotea», defendatu du Miren Larrion alkategaiak.

EH Bilduren proposamenaren xedea Betoñu eta Gamarrako industriguneak berritzea da. 3,5 milioi metro koadrorekin, hiriaren birmoldatze plan handinahitsuena litzateke. Koalizioak zaharberritze plan berezi bat bultzatzeko asmoa du horretarako. Ideia da hirigintza moderno eta erakargarria sortzea, enpresa berriak erakartzeko. Berrikuntzarako, aisialdirako, zerbitzuetarako, industria erakuslehioetarako, edo orube handiak behar dituzten enpresentzako kokalekuak prestatuko liratete planaren barruan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

EH Bilduk tren soziala aldarrikatu du

Larrionek bere apustua berretsi du Gasteizen lehen galdeketa hiritarra egiteko, mugikortasun jasangarriaren inguruan

| 2019-05-13 16:53:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok  azpimarratu du herrialdean mugikortasun jasangarria garraio publikoaren bidez helduko dela, Miranda eta Altsasu lotuko dituen tren soziala baten bidez. Horretarako, egungo trenbidearen modernizazioa planteatzen da –hirugarren haria jarriz- nazioarteko garraioa eta goi mailako prestaziotakoa ahalbideratzeko, hau da, tren azkarrak, garraioa eta tren soziala jasoko dituena.

“Ez dugu ezer asmatu, badugu mahai gainean azterketa bat eta horren arabera, plantatzen da hamar maiztasun gehiago ezartzea, eskaeraren araberako geltokiak egitea, bost geldiune berri sortzea, salneurria batzea eta txartel bakar bat egitea. Proiektu honen ezarpenak 25 milioiko aurrekontua du lehen fasean eta, ondorioz, bideragarria da ikuspuntu ekonomikotik eta sozialetik ere bai”, azaldu du Fdez de Pinedok.

Tren honek 130.000 lagunei eskainiko die zerbitzua eta agerian uzten du AHTren aurrean askoz bideragarriagoa dela. Abiadura Handiko plataforma beri horiek Madrilek inposatzen ditu baina EAJren Foru Gobernuak begi onez ikusten ditu.

Bestalde, Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko alkategaiak berretsi du bere konpromisoa udalerrian lehenbiziko galdeketa hiritarra egiteko, gobernatzeko aukeratzen badute. Hain zuzen ere, Larrionek herritarren esku utzi nahi du hiriko ekialdea eta mendebaldea, Salburua eta Zabalgana, lotu beharko dituen edukiera handiko garraio publiko sistemari buruzko erabakia. Mugikortasun jasangarria bezalako gai estrategiko batean ahotsa eman nahi zaie hiriko auzotarrei.

Hirian inoiz egin den lehen galdeketa hiritarra litzateke, eta izaera positiboa izango luke beti. Gasteiztarrek bi garraiobideren artean aukeratu beharko dute: Azkarbus autobus elektriko adimenduna edo tranbia. «Oraingo honetan, ez da Bai edo Ez esateko galdeketa izango, ez dago blokeo aukerarik, aurrera egiteko borondatea baizik. Bai edo Bai esateko galdeketa bat da», azaldu du alkategaiak.

Asmoa da galdeketari legezko berme guztiak ematea, «bi aukerek alde eta kontrako argudioak azal ditzaten, eztabaida sakon eta informatua egotea ahalbidetu, eta ezagutzarekin botoa eman dadin». EH Bilduk Azkarbus elektrikoaren aukera defendatuko du, baina bozketaren emaitzak bere egingo ditu, eta gasteiztarrek aukeratutako proiektuarekin aurrera egingo du.

Hiritarren parte-hartzearekin aurreko legealdian gertatu dena bereziki kezkagarria da. Udalak, EH Bilduren bultzadari esker, herritarren parte-hartzea sustatzeko araudi aurreratu bat onartu du. Hobetu daitekeena, baina aurreratua edonola ere. Hala ere, ez da galdeketa bat bera ere egin. «Urtaran eta bere gobernua pareta bat izan dira parte-hartzearen aurrean. Ez dute ulertzen parte-hartzea ez bada beraiei arrazoia emateko. Ez dute gustuko euren hiritarren iritzia, euren auzotarrena», nabarmendu du Larrionek.

EH Bilduren aburuz, beharrezkoa da erakundeen demokratizazioan sakontzea. Beldurra galdu behar zaio hiritarrei zuzenean eragiten dizkieten gaiei buruz galdetzeari. Bereziki, hiriaren etorkizuna baldintzatuko duten kontuak direnean. Araudiak berak jaso zuen, koalizioak eskatuta, gai estrategikoek eta 5 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusita dutenek lehentasuna edukitzea galdeketa hiritarrak planteatzerako orduan. EH Bilduk Gasteiz gobernatzen badu, legezko eperik laburrenean, galdeketa hiritar hau deitu erta antolatuko du.

ALBISTEAK

Batzar Nagusiek babestu egin dute EH Bilduren mahatsaren prezio bidezkoa bermatzeko proposamena

2021-10-20 14:05:00

Kontratuek legea betetzea eta ekoizpen-kostuaren prezio ofizialak ezartzea ahalbidetuko da, baita isunak ezartzea ere, beharrezkoa balitz

EH Bilduk eskatu du Arabako landa-bideei buruzko ponentzia osatzea, Toki Erakundeen iritzia kontuan hartzea ahalbidetzeko

2021-10-15 10:06:00

5.000 kilometro landa-bide ditu Arabak, tokiko entitateen jabetzapekoak dira eta, beraz, haiei hitza eta baliabideak ematea da helburua

EH Bilduk eskatu du Klima Araba 2050ek energia berriztagarriak hedatzeko bazterketa-eremuak barne har ditzala

2021-10-11 11:51:00

Mugarri Planak jasotzen duen bezala, “Natura 200” sarea, paisaia bereziak edo nabarmenak, harrapariek habia egiteko eremuak eta galtzeko zorian dauden espezieentzat interes berezia duten eremuak jaso behar dira baztertze eremu gisa.

Espejoko Luyando-Hurtado de Mendoza dorretxearen berritze-lanetako ustezko irregulartasunak direla-eta kezka adierazi du EH Bilduk

2021-10-11 10:43:00

XVI. mendeko dorretxea birgaitzeko lanak egiten ari dira, eta barrutik zein kanpotik itxura aldatzen ari ote diren susmoa du taldeak