Igandean mobilizazio historikoa egiteko deia egin du EH Bilduk
Araba. 2026-11-27 | Azaroaren 29an mobilizazio orokor historikoa egiteko deia egin du EH Bilduk. «EH Bildu etxeko lanak eginda iritsi da hauteskunde-kanpainaren amaierara. Azken orduak geratzen zaizkigu, eta bizkar gainean dagoeneko daramatzagun egunak bezain garrantzitsuak dira. Igandean mobilizazio orokor historikoa egingo dugu Araban. Egun horren aurretik, etxebizitza eskubidearen aldeko greba arrakastatsua, manifestazio nazional jendetsua Bilboko kaleetan eta ehunka ekitaldi egin ditugu Euskal Herriko txoko guztietan. Ezker subiranistaren sabaia hautsiko dugu mobilizazio orokor, herrikoi, antifaxista, abertzale, euskaltzale eta feminista baten bidez. Guztioi dei egiten dizuegu Euskal Herrian zehar dabilen itxaropen olatuaren parte izatera», esan du Mikel Otero EH Bilduren Arabako hautagaiak.
Arabako zerrendaburuak berretsi du beharrezkoa dela EH Bilduren botoekin bi hautetsontzi betetzea, Kongresuarena eta Senatuarena. «EH Bilduri botoa emateak ez du soilik balio eskubideetan eta askatasunetan aurrera egiteko, baizik eta bloke erreakzionarioa ordezkaririk gabe utz dezakegulako Arabatik», gaineratu du.
Bestalde, Josu Estarrona EH Bilduren Senaturako hautagaiak gogorarazi du boto guztiek balio dutela eta erabakitzen dutela, baina boto batzuek «aportatzen dutela, baldintzatzen dutela eta gehiengoak bideratzen dituztela». «Horiek dira botorik eraginkorrenak: ilusioa pizten dutenak eta erabakitzen dutenak. Horiek dira, igande honetan, euskal ezker subiranistaren aldeko botoak. Boto horrek jartzen ditu herrialdearen eta bertako jendearen interesak siglaren aurretik. Euskal pentsiodunen duintasuna Madrilera eramateko balio izan duen botoa, pentsio hobeak bermatzeko, eta gehiengo aurrerakoia pentsio horiek are gehiago hobetzera bultzatzeko giltzarria izango dena», gaineratu du.