AKTUALITATEA


| 2026-11-26 11:58:00

Aurrekontua izapidetzeko egutegiak ezartzen duen bezala, udal gobernuak atzo onartu zuen 2027. urterako aurrekontua, guztira 11.290.482 eurokoa, 2026an baino % 17 txikiagoa.

Datorren urtean aurrera eramateko proiektuen artean aurkitzen ditugu, besteak beste: Gazteentzako alokairu sozialeko etxebizitzak abian jartzeko Bustamante jauregia birgaitzeko obrak; eskola-eremuko eraikin publikoetarako eta anbulatoriorako biomasa bidezko bero-sarea eraikitzeko proiektua idazteko lanak; Senda Langarika plazaren urbanizazio lanak; Lope de Larrea ikastolan autokontsumo energetikorako instalazio fotovoltaikoa jartzea eta udalerriko irisgarritasun unibertsaleko plan integrala.

Aurten abiatu ditugun proiektu ezberdinak ere jasota daude datorren urtean amaitzea aurreikusten delako, hala nola, klima eta energia planaren gauzapena edota Harresi auzoan kokatzen den CRAD berriaren eraikuntza eta altzarien hornidura.

Horrez gain, guztira 100.000 eurorekin, ekainean hasitako partehartze-prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak jasotzen dira. Bozka gehien lortu dituena Udalerrian atletismoa modu seguruan praktikatzeko ibilbide bat sortzea izan da; bestetik, hautatuak izan ziren ere hiri-altzariak (bankuak, farolak, paperontziak eta abar) optimizatzea eta lekuz aldatzea eta Agurain Rock ekimenaren edizio berri bat diruz laguntzea. Azkenengo biak herritarren bozketan berdindu zutenez 50.000 euro partekatuko dituzte bien artean.