Araba

Urkabustaizek 1,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2020rako

Frontoia birgaitzeko parte-hartze prozesuari aurre egingo dio, eta bost aldiz biderkatuko ditu eraginkortasun energetikoan egindako inbertsioak

| 2020-01-09 11:42:00

Urkabustaizek argi berdea eman die 2020rako udal kontuei. Atzo, 1,3 milioi euroko aurrekontua onartu zuten osoko bilkuran, eta egitasmoak EH Bilduren aldeko botoa eta EAJko ordezkarien abstentzioa jaso zituen. Onartutako diru sailen artean nabarmentzekoa da bost aldiz biderkatuko dela ingurumen jardueretara eta eraginkortasun energetikora bideratutako dirua. Partida hori 3.500 eurotik 17.000 eurora pasako da, eta, besteak beste, prestakuntza ikastaroekin eta tailerrekin baratze ekologikoen proiektu bat bultzatzeko balioko du. Horrez gain, Izarrako plazako argiteria publikoa LED bihurtzeko aldaketa egingo da. Partida horretan bertan, konposta egiteko proiektuak martxan jartzea eta frontoiaren eraginkortasun energetikoa hobetzea ere planteatzen da.

Izarrako pilotalekua eraberritzea da, hain zuzen, Urkabustaizek legealdi honetan aurre egin nahi dion inbertsio handienetako bat. "Helburu horrekin, urte honetan zehar prozesu parte-hartzaile bat jarriko dugu martxan, etorkizuneko azpiegituraren beharrak zehaztuko dituena. Ondorio horietan oinarrituta, 2021ean aurreproiektua idatziko dugu, legealdia amaitu baino lehen obrak hasi ahal izateko ", zehaztu du Xabier Alvarez de Arcaya Urkabustaizko alkateak.

Euskararen sustapenerako, kultur jardueretarako eta Kultur Etxearen funtzionamendurako eta berdintasuna sustatzeko partidek ere gora egin dute era nabarmenean. Udal langileentzako gastuak ere gora egin du, Udalaren lanpostuen zerrenda (LPZ) aldatuko delako liburuzain postuaren lanaldia handitzeko eta 2016tik hutsik dagoen administrari lanpostua betetzeko.

Erakunde adierazpena proposatu du EH Bildu-k azken egunetako lan heriotzak gaitzesteko eta neurriak eskatzeko

| 2020-01-09 10:17:00

2020.urtea hasi denetik, sei langile hil dira Euskal Herrian, haietako hiru Araban. Urtarrilaren 2ko lan-heriotzaren ostean Gasteizko udalean onartu zen erakunde adierazpenetik tiraka, EH Bildu batzarkide taldeak ere erakunde adierazpen bat aurkeztu du bozeramaile batzordean onartua izan dadin. 

Aurkeztutako erakunde adierazpen proposamena:

1.-  Arabako Batzar Nagusiek atsekabea adierazten dute, 2020ko urtarrilean  Arabako hiru enpresetako (55 urteko gizona Olarizun, 25 urteko Mercedeseko gaztea, 52 urteko gizona Lantaronen) langileek izandako lan-istripuetan izandako heriotzengatik. Doluminak helarazi nahi dizkiete hildakoen langileen familiei, lagunei eta lankideei. Era berean, lan-istripuen salaketa publikoa egiten dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Osalanek heriotzaren inguruabarrak argitu ditzatela eskatzen dute, familia eta senitartekoei informazioa eman ahal izateko.

2.- Arabako Batzar Nagusiek agerian utzi nahi dute lan-prekarietateari aurre egin behar zaiola, lan istripuak ekidin egin behar direla, gauza guztien gainetik eta kosta ala kosta, lan-segurtasunak lehentasunezkoa izan behar baitu edozein lanetan. Ezinbestekoa da laneko osasunari eta laneko segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, baita laneko arriskuen prebentziorako arauak bete daitezen eskatzea ere, bereziki lan-prekarietate argiko egoeretan.

3.- Horregatik guztiagatik, Arabako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen diete lan-arriskuen prebentziorako jardunbide egokiei buruzko proiektuak gauzatzen laguntzeko -lan-administrazio, sindikatu eta patronal-erakundeekin koordinatuta-, laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituen kontra aritzeko, eta ikuskapen-zereginak areagotu eta hobetzeko.

4.- Halaber, Arabako Batzar Nagusiek bat egiten dute heriotza hau salatzea eta hildakoaren familiari babesa eta elkartasuna adieraztea xede duten ekimenekin, eta horietan parte hartzera dei egiten diete herritar guztiei.

ALBISTEAK

Asparrenak elkartasunezko 40 kit banatu dizkie etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileei babesa bermatzeko

2020-04-07 11:26:00

Herritarrek latexezko eta binilozko eskularruak eta maskarak eman dituzte, baita 3D pantailak ere, etxez etxeko laguntza-zerbitzua zein baldintza eskasetan ematen zen jakin ondoren.

Aramaioko Udala zaintzen herritarren sarearekin elkarlanean dago

2020-04-05 11:38:00

Zapi gorrien kanpaina abian jarri da herrian elkartasuna adierazteko

Donemiliagak adinekoei laguntzeko programa konfinamendura egokitu du

2020-04-03 12:27:00

Udalak, boluntarioekin batera, desinfekzio lanak egiten ditu udalerriko 15 herrietan

EH Bildu-k hala eskatuta, Arabako Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzordeak talde guztien parte-hartzea ahalbidetuko duen akordioa eztabaidatuko du

2020-04-03 09:29:00

Kike Fdz de Pinedo: “Egungo impasse egoerak larriki hondatzen ari ditu Foru Gobernuaren gaineko jarraipen, kontrol eta fiskalizazio funtzio legitimoa egiteko ditugun gutxieneko baliabideak. EH Bildu-tik beste parte-hartze eta kontrol mota bat posible dela uste dugu, non denok lekua izango dugun"