AKTUALITATEA


| 2021-07-07 13:50:00

Donemiliagako Udalak, gaurko osoko bilkuran, aparteko deialdi bat onartu du, udalerria osatzen duten hamabost kontzejuetan egin beharreko obrak eta inbertsioak finantzatzeko. Guztira 600.000 euro izango dira, eta banaketa egiteko kontuan hartu da bakoitzaren populazioa. Horrela, kopuru osoaren %60 modu linealean banatuko da, eta gainerako %40 populazioaren arabera. Ondorioz, Narbaizak 61.000 euro baino gehiago jasoko ditu, eta Mezkiak, 17 biztanleekin, ia 30.000.

 

Obrak deialdia onartzen denetik legegintzaldiaren bukaera arte egiten ahalko dira, oinarrizko zerbitzu publikoak garatu eta bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Beraz, laguntza hauek kontzejuen ekipamendu kolektiboak eraiki, zaharberritu edo hobetzeko dira, besteak beste, kontzeju etxea bera, bolatokiak, frontoiak, parkeak edo haurrentzako parkeak. Deialdi hau bateragarria da kontzejuek beste erakunde publiko batzuetatik jasotzen dituzten beste laguntzarekin.

 

Erika Letamendi Donemiliagako alkateak balorean jarri du laguntzen deialdi hau. “Gurea bezalako udalerri batean, non herri txiki asko eta sakabanatuta dauden, herri guztiek kalitatezko ekipamendu kolektiboak izan ditzaten lan egin behar dugu, horrela gure bizilagunen eguneroko bizitza hobetzeko eta, bide batez, herrietan bizitza errazteko”, nabarmendu du.