AKTUALITATEA


| 2024-04-23 11:30:00

Lur Jareetako Ezohiko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du, Aiaraldearen garapen sozioekonomikorako Plan Estrategikoa adosteko eta Berehalako Jarduera Planaren helburuak lehenbailehen aplikatzeko

Araba. 2024-04-23 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du Aiaraldeko plan estrategikoa adostu eta onartzeko prozesua azkartzeko eskatuz. Mozioa aurkeztu dute maiatzaren 26ko Lur Jareetako Ezohiko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko.

EH Bilduren ekimenaren oinarria da Aiara, Artziniega eta Urduñako Udalek onartutakoa, hots, «Berehala Jarduteko Planaren ekintzak epe motzean gauzatzea eta behingoz Plan Estrategikoa abiaraztea, Aiaraldeko Toki Erakundeekin elkarlanean».

EH Bilduk gogora ekarri du 2018ko abenduan EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Aiaraldea berpizteko Ponentzia sortzea proposatu zuela eta, osatu ondoren, 2021eko azaroan aurkeztu zela ondorioen txostena: Berehala Jarduteko Plana (PAI, gaztelaniaz) onartu zen, eta bertan epe laburrean burutu beharreko 33 ekintza biltzen ziren. Epe ertain-luzerako Aiaraldeko Plan Estrategikoa aurkeztu behar zen 2022ko irailean. «Egun, baina, PAIk jasotako helburuak ez dira bete, eta Plan Estrategikoaren behin betiko bertsioa ez dugu ezagutzen, nahiz eta EH Bilduk horiek azkartzeko ekimenak aurkeztu dituen», esan dute EH Bildutik.

Eskaera zehatzak

Mozioan, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete Eskualdeko Plan Estrategikorako Talde Eragilea deitu dadila bertan Plan Estrategikoa behingoz adostu eta onartzeko, eta Aiaraldeko toki erakundeen eta bestelako eragileen ekarpenak kontuan har ditzatela betetze maila aztertzeko beharrezko jarraipen eta kontrol mekanismoak ezarrita. Gainera, Berehala Jarduteko Plana epe laburrean gauzatzeko beharrezko neurriak har ditzatela ere eskatzen dute, planaren 33 ekintzen helburuak betez.

«Gure ustez, azken urtean Aiaraldeko egoera aldatu denez, eta Berehala Jarduteko Planean epe motzean garatu beharko ziren ekintza asko bete gabe daudenez, esaterako, Lehen Sektorearen eskaerak edota Planak indartu nahi zuen beiraren sektoreko enpresaren itxiera. Hori dela-eta, epe motzerako ekintzen efektuei luzapena eta egonkortasuna emango dizkien Eskualdeko Plana egoera berriari egokitzearen beharra dago», adierazi du EH Bilduk.