Mikel Otero Euskal Herria Bilduren Kongresurako Arabako hautagaiak trenbide azpiegiturei dagokienez dauden baliabideak optimizatzeko beharra azpimarratu du. Horrela, hautagaiak adierazi duenez, bere formazioak beti egin du apustu «herritarren eguneroko beharrei eta joan-etorriei erantzungo dien trenbide-sistema baten alde, salgaien garraioan elektrifikatzearen alde eta hainbat garraio-mota –aldirikoak, distantzia ertaina, distantzia luzea eta merkantziak– modu arrazoizko, orekatu eta jasangarrian uztartuko dituen sistema dibertsifikatu baten alde».
Ildo horretan, Mikel Oterok gogorarazi du bere alderdiak urteak daramatzala Araba erdialdeko korridorean aldiriko trenen zerbitzua bezalako proposamenen bultzatzaile izaten, «iaz martxan jarri zen zerbitzua, emaitza borobilarekin: bidaiarien %65eko igoera». Hori dela eta, EH Bilduk maiztasunak handitzearen, joan-etorrietarako BAT txartela bateragarri egitearen eta Gasteizko aldirien integrazioan sakontzearen aldeko apustua egin du, azkenengo kasu honetan trazadura hiri-bilbetik igarotzean lurperatuz eta Salburuan eta Zabalganan bi geltoki berri gehituz.
Gainera, EH Bilduk Madrildik eta Mediterraneoko korridoretik datozen abiadura handiko lineen konexiorako Miranda-Gasteiz eta Gasteiz-Iruña arteko egungo trenbide-plataformak aprobetxatzearen aldeko apustua egin du, plataforma horiek modernizatuz eta egokituz, ahalmen handiko trenak, aldiriko trenak eta salgaienak hartu ahal izateko. Salgaien garraioaren kasuan, gainera, lurraldeko industrialdeek trenbide-korridorerako sarbide eraginkorra izatea defendatzen du EH Bilduk. Era berean, Forondako aireportuari trenbide-konexioa ematearen aldeko apustua egiten du, airez garraiatutako salgaiak ere trenbidearen bidez bana daitezen.