Araba

Albisteak

Mikel Otero: "Aldaketa ezkerretik etorri behar da, jasangarritasunean eta justizia sozialean oinarrituta, eta hori bermatzen duen indar bakarra EH Bildu da"


EH Bilduk konpromisoa agertu du kalitatezko enpleguarekin, gure adinekoentzako pentsio duinaren alde, gure zerbitzu publikoak berreskuratu eta prestigiatzeko, eta larrialdi klimatikoaren erronkari erantzun bat emateko.

| 2020-07-04 12:00:00

Mikel Otero EH Bilduren Arabako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Zabalganako Labastida plazan, Maria Garde Arabako zerrendaburuarekin eta Oskar Matute Kongresuko diputatuarekin batera. Ekitaldi horretan, Oterok esan du egungo eredua aldatu behar dela eta ezkerrak gidatutako eredu berri baten alde egin behar dela, "Trantsizio ekologiko justu baten alde, gure industriarentzat eta enpleguarentzat etorkizun baten alde". Aldaketa hori ezkerrak gidatu behar du, jasangarritasunari eta justizia sozialari dagokienez. Eta hauteskunde hauetan, aldaketa hori bermatzen duen indar bakarra Euskal Herria Bildu da. Kalitatezko enpleguaren alde, adinekoentzako pentsio duin baten alde, gure zerbitzu publikoak berreskuratu eta prestigiatzearen alde, eta larrialdi klimatikoaren erronkari erantzuna emateko, EH Bildu bozkatzeko garaia da orain.


 

"Trantsizio ekologikoa behar bat da, ez apeta bat", azpimarratu du Arabako hautagaiak. Eraldaketa horrek gure ekonomia eta gizarte-antolaketa osoa aldatuko duela ziurtatu du, eta erantzuteko aukera bakarra aurrea hartzea dela, erakundeetatik beharrezko aldaketa hori bultzatzea. "Hori da EH Bilduren konpromisoa: herrialdea deskarbonizatzea, eta 10.000 lanpostu sortzea Itun Berde baten bidez. Gasteizen gaude, 'Green' arima eta bihotz industriala dituen udalerri batean. Ibilbide hori guztia aldaketa honen zerbitzura jarriko dugu. Trantsizio ekologikoa enplegu jasangarri eta kalitatezkoaren sinonimo ere izatea, baita Gasteizen ere. Garaiz gaude", adierazi du Mikel Oterok.


 

Era berean, EH Bilduk uste du gure herriaren eta, oro har, planetaren iraunkortasunak guztia birpentsatzera behartuko gaituela. "Hemen jada ez du balio ostrukaren estrategiak. Hemen ez du balio burua lur azpian sartu eta garai hobeak itxaroteak. Atzo gosaldu genuen, Daimler Mercedes-Benzeko jabearen murrizketa bortitzen mehatxuarekin. EH Bildun ez dizuegu honekin engainatuko. Badakigu ez dela erraza izango, badakigu automobilgintza bezalako sektore batek aldaketa sakonak egin beharko dituela aurrera ateratzeko. Horregatik, aurreko legegintzaldian sektorearen etorkizuna aztertzeko ponentzia bat abian jartzea proposatu genuen, enpresen, langileen eta adituen eskutik, eta konpromisoa hartu genuen parlamentu berrian lehen minututik berriz martxan jartzeko", adierazi du Mikel Otero Arabako zerrendaburuak.


 

EH Bilduren ustez, hausnarketa bat lortu behar da, ibilbide orri partekatu bat, sektorearen eta erakundeen artean, eredu iraunkorragoetara eramango duen industria bat lortzeko. Hori da Oterok ziurtatu duen EH Bilduren erronka.


 

Zabalganako ekitaldian, hautagai arabarrak auzoan zerbitzu falta dagoela salatu du, Aldaialde hezkuntza zentroa bezalako ezinbesteko zerbitzuak: "Aldaialde ez eraikitzeko aitzakia dagoeneko zaharkituta dagoen eta aurreikusi bezala egingo ez den trenaren lurperatzearen ikerketa informatiboa da. Lurperatzea, bide batez esanda, ondo ezagutzen duzuen beste gai bat da, Zabalganan ez baitago, ezta espero ere. Eta gogoratu behar da 2016an EH Bilduk proposatu zuela Zabalgana auzoan lurperatze partzialari ekitea. Gainerakoek, ezer ez. Eta nahita egindako ahanztura horren aurrean, auzotik ere erantzuna iritsi da, Gasteiz Batu bezalako herri plataformen bidez". Mikel Oterok esan du ezin dela lehen eta bigarren mailako auzorik egon, eta pertsona guztientzako zerbitzu guztiak bermatzeko garaia dela, inor atzean utzi gabe.