EH Bilduk kezka adierazi du merkatari gutxiri eman zaielako COVID-19ren testuinguruan agindu zitzaien laguntza. Laguntza horien helburua zen Arabako merkataritza txikiak pandemiaren ondorioz eta, bereziki, konfinamenduan zehar itxita egoteagatik izandako diru galerak leuntzea, baina deialdiaren emaitzak ikusita eskaeren erdiek ez dute sosik jaso, EH Bilduk dituen datuen arabera.
“Egoera hau konpontzeko neurriak” eskatuko dizkio EH Bilduk Cristina Gonzalez diputatuari, Gobernuak berak agindu baitzuen inor ez zela “atzean” geratuko. Laguntzak ukatzeko arrazoi errepikatuena izan da “partidan ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzea”. Izan ere, eskaerak jaso ahala esleitu direnez, behin partidaren diru kopurua agortu eta gero, eskatzaile asko eta asko geratu dira dirulaguntzarik gabe.
Galeria komertzialak
Bestalde, hainbat kasutan diru laguntzak ukatu dituzte “etxabe komertzialetan salmenta-punturik ez izatea” argudiatuta. EH Bilduk salatu du halako egoeran daudela galeria komertzialetako saltoki txikiak, konfinamenduaren arauen ondorioz irekitzen azkenak izan baziren ere. Horregatik, egoera horretan dauden eskatzaile kopuru zehatzaz galdetuko du EH Bilduko batzarkide Manu Rezolak, baita Foru Aldundiak injustizia hori konpontzeko aurreikusitako bideez ere.