AKTUALITATEA


| 2025-01-23 12:08:00

Ospitalera Gasteizerako norabideko markesinatik oinez sartzea eta alderantziz igarotzea oso arriskutsua da oinezkoentzat, eta bide-segurtasunari buruzko araudi guztiak urratzen ditu

Araba. 2025-01-23 | Arabako Errioxako EH Bildu udal taldeek mozio bat erregistratuko dute eskualdeko herri guztietan Lezako ospitaleko errepidea modu seguruan gurutzatu ahal izateko pasabide seguru bat egokitu dezatela eskatuz.

EH Bilduk azaldu duenez, «Lezako Ospitalera iparraldeko markesinatik (Gasteizerako norabideko markesinatik) oinez sartzea eta alderantziz igarotzea oso arriskutsua da oinezkoentzat, eta bide-segurtasunari buruzko araudi guztiak urratzen ditu nabarmen; izan ere, iparraldeko markesinatik Ospitalera sartu edota alderantziz igaro nahi duten pertsonek lasterka igaro behar dute, ez baitago oinezkoentzako pasabiderik, ezta ibilgailuak gelditzera behartzeko metodorik (semafororik edo antzekorik) ere».

Abiadura moteltzeko neurri bakarra radar bat da, baina orduko 80 kilometroko abiadurari gehiegizkoa irizten diote oinezkoen segurtasuna bermatzeko, abiadura horretan gertatutako harrapaketa batek «oso ondorio larriak» izan ditzakeelakoan. «Egoera hori are larriagoa da gauez; izan ere, argiztapen-elementu osagarriak dauden arren, bistakoa da istripu bat izateko aukera objektiboak areagotu egiten direla argi naturala murrizten den heinean», erantsi du EH Bilduk.

Hori guztia dela-eta, mozioan eskatu diote Arabako Foru Aldundiari eta, bereziki, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailari 2025eko ekitaldian oinezkoentzako pasabide seguru bat egokitu dezala iparraldeko markesinatik Lezako Ospitalera sartzeko eta alderantziz igarotzeko.