AKTUALITATEA


| 2026-11-13 16:41:00

EH Bilduk ekitaldia egin du gaur arratsaldean Dulantzin, eta bertan izan da Mikel Otero Espainiako kongresurako Arabako zerrendaburua.

Hitzartzean jorratutako gaien artean, EH Bilduk bihar Bilbon egingo duen mobilizazio nazionala izan da, eta Oterok bertara joateko deialdia egin nahi izan du: «Bihar Bilbon ikusiko dugu elkar, Euskal Herriak merezi duelako. Herri honek maila emango du. Zatoz zu ere, 17:00etan, La Casillara. Mobilizazio historikoa egingo dugu: antifaxista eta subiranista. Gure eskubideen eta askatasunen aldekoa. Zaplasteko demokratiko, herritar eta masiboa emango diegu faxistei. Desberdintasunen eta siglen gainetik, herri baten duintasuna dagoelako. Batzen gaituena banatzen gaituenaren gainetik dagoelako».

Nazioarteko azken hauteskunde-prozesuak olatu erreakzionarioaren muga izan daitezkeelakoan, haiei erreferentzia egin die Oterok, Euskal Herrian ere ezkerreko subiranismoak izango duen indarrarekin parekatzeko. «Nazioarteko esperantzaren olatua Euskal Herrira ere iritsi da, eta gu ere olatu horren parte izango gara. Posible egingo dugu! Gure amaren etxea defendatuko dugu! Aurrera, Euskal Herria!».

Bizitzaren garestitzeari aurre

Hautagaiak bizitzaren garestitzea ere hartu du hizpide eta, bereziki, etxebizitzaren arazoan ipini du fokua EH Bilduri bozka eskatzeko: «Zuen bozka behar dugu azaroaren 29tik aurrera indar gehiagorekin bultza egin ahal izateko. Indar gehiago behar dugu eskuin espekulatzailearen aurrean, etxebizitza eskubidea bermatu eta zabaltzeko. Etxebizitzaren arazoa sortu dutenek nekez konponduko dutelako. Gainera, funts putreei frenoa jartzeko dekretuei ezetz bozkatu dioten berdinak dira. Eta guk ez dugu zalantzarik egiten: jendearen eskubideak bermatzen ditugu. Jendeari segurtasuna ematen diogu».

«Bizitza duinen aldeko indarra da ezkerreko soberanismoarena. Horixe bera baita bloke erreakzionarioa garaitzeko formula: eskubideak bermatzea. Eta umiltasunez baina konfiantzarekin esaten dugu: EH Bilduren aldekoa da eskuin muturra garaitu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko botoa», amaitu du Mikel Oterok.