AKTUALITATEA


| 2021-05-06 13:28:00

Iruraitz-Gaunako Osoko Bilkurak gaur onartu du aho batez txosten tekniko bat, non udalerriak Iturrietako mendietan zentral eoliko bat eraikitzeko proiektuaren aurka dagoela azaltzen den. Eusko Jaurlaritzak Aixeindarraren bidez bultzatutako proiektu honi alegazioak elkarrekin egiteko EH Bilduren proposamena onartu duen EAJko udal-gobernu bakarra da izan da. Proiektu horrek 200 metroko altuerako hamabost haize-errota jartzeko asmoa du.

 

Txostenean jasotzen denez, instalazio horrek arazoak ditu hirigintzan eta ingurumenean duen eraginagatik. Izan ere, haize erroten plataformak lurzoru urbanizaezin eta oihan babes kalifikatuan daude. Gainera, Natura 2000 Sarean integratutako Kontserbazio Bereziko Eremua da. Ingurumen afekzioen artean, Iruraitz-Gaunak ingurunean izanen duen eragin hidrologikoa eta zarata jasotzen ditu. Era berean, paisaian izango duen eragina eta inguruko potentzial ekoturistikoa bereziki azpimarratzen ditu.

 

Halaber, eremu ezegonkor baten gainean kokatzen dela jaso da aipaturiko txostenean baita ustezko eremu arkeologikoa dela ere. Bestalde, eskaeran adierazten ez den bezala, gizartearen, politikaren, sindikatuen eta erakundeen proiektuaren aurkako erantzun zabala duela azpimarratzen da.

 

“Iruraiz-Gaunako Udal Gobernuak prozesu horretan laguntzeko duen jarrera azpimarratu nahi dugu. Esaten genuen elkarrekin indartsuagoak izango ginela zentzugabekeria horren aurka, eta horretan berresten gara. Ziur gaude proiektu honek kalte konponezinak eragingo dituela gure inguruan, eta energia berriztagarriei buruzko plan argia izan behar dugula, azpiegitura horiek instalatzeko helburuak, epeak eta baztertze-eremuak ezarriko dituena”, nabarmendu du Moisés Perez de Arriluzeak, Iruraiz-Gaunako EH Bilduren bozeramaileak.