Besteak beste, prezioak, plaza kopurua eta eskaintzen diren zerbitzuak agertuko dira Aldundiaren webguneko atal berezian
Araba. 2025-01-29 | EH Bildu Arabak hala proposatuta, lurraldeko adinekoen egoitzen informazio gardena, zehatza eta eguneratua zentralizatuko duen atala sortuko du Foru Aldundiak bere webgunean. Atal horren helburua da familiei beren adineko senideentzako zentro egoki bat aukeratzen laguntzea, gaur egun duten informazioa urria baita. Mozioa EH Bilduk, EAJk eta PSEk, PPk eta Elkarrekin Araba taldeek adostu dute.
Claudia Venceslao batzarkideak adierazi du EH Bilduren lehentasunetako bat zaintza publiko duinak eta kalitatezkoak bermatzea dela. «EH Bildutik, jendaurrean eta pribatuan esan dugu, beti egingo dugu lan zaintza sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzeko, pribatuak zein publikoak izan, eta beti lan egingo dugu erabiltzaileak ondo artatuta egon daitezen».
Venceslaok esan du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egoitzei buruzko zerrenda bat helarazi ohi diela familiei, baina «ematen diren datu bakarrak zentroaren izena, helbidea eta plaza kopurua dira. Hau da, familia da, zerrenda horretan oinarrituta, bestelako informazioa bilatu behar duena Interneten, gerora egoitzekin kontaktuan jartzeko. Egoitza batzuek informazio zabaleko webguneak dituzte, baina beste batzuek ez dute hainbesteko informaziorik». Batzarkideak uste du informazio hori ez dela nahikoa, eta horregatik honako hauek ere (gutxienez) sartzea adostu dute gaur: kokapena, plaza kopuru osoa, instalazioei buruzko informazioa, eskaintzen diren zerbitzuak, prezioak plazako eta egoitzaren webgunerako esteka.
Adierazleen sistema
EH Bilduk 2022an aurkeztu zuen proposamena, baina EAJren eta PSEren orduko Gobernuaren gehiengo osoak eragotzi egin zuen aurrera egitea. Oraingoan, EH Bilduk berrikuntza batekin aurkeztu zuen ekimena: informazioen artean egoitza-arretaren kalitate-sistema grafiko bat jasotzea proposatu dute, erabiltzaileen eta senideen artean egindako inkestetan oinarrituta. Puntu hori, baina, mozioa adosteko taldeen arteko negoziazioetatik kanpo geratu da.
Venceslaok azpimarratu du familiei «lurraldeko egoitzek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta kalitatearen berri» ematearen garrantzia, «zerbitzuak, ratioak, kostuak edo bisita-erregimena zehaztuz».
«Familiok informazio hori modu arin eta eraginkorrean eskuratzeko aukera izan behar dugu, eta horregatik ekarri dugu ekimen hau osoko bilkurara, talde guztien artean familiei laguntzeko modu bat adosteko, gertuko pertsona bat egoitza batean sartzeak dakarren prozesuan», amaitu du batzarkideak.