AKTUALITATEA


| 2022-11-18 10:59:00

Araba. 2022-11-18 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak 2023ko foru aurrekontuen balorazioa egin du gaur, gizarte politikei dagokienez.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko prokuradoreak esan du EH Bilduk garrantzi handia ematen diola Gizarte Zerbitzuen arloari, aurrekontuaren % 49 hartzen baitu. «Bizi dugun krisi sozioekonomikoaren testuinguruan, eskubide sozial guztien bermea aldarrikatu nahi dugu, ezohiko egoerek ezohiko neurriak behar dituztelako», adierazi du. Horregatik, «norabide-aldaketa» proposatu dute.

Claudia Venceslao prokuradoreak aurrekontuak aletu ditu, eta oso kritiko agertu da proposamenarekin: «Aurrekontu hauek Arabarako gizarte-zerbitzuen eredu bat eta egiteko modu bat ezartzen dute, eta ez gatoz bat horrekin. Kezkatuta gaude adineko pertsonei arreta emateko plaza publikoen kopurua handitu ez delako, eta pribatizatzeko eredua erraztu delako», adierazi du.

Venceslaok aurreratu duenez, EH Bilduren zuzenketak hiru multzo nagusitara zuzenduko dira: Foru Erakundeak artatzen dituen kolektiboen zaintza publikoa, zorroaren dekretua betetzen dela bermatzea eta zaintzen dituztenentzat lan-baldintza duinak bermatzea. Lehenengo blokean, GOFEko arlo guztietako plantilla handitzeko inbertsioak proposatuko dituzte. Bigarrenean, Foru Aldundiak gutxieneko zein baliabide eskaini behar dituen zehazten du zorroaren dekretuak, eta EH Bilduren zuzenketak bertan ezarritakoa betetzera zuzenduko dira. Azkenik, EH Bilduk zaintzen dutenentzako lan-baldintza duinak bermatu nahi ditu, eta hainbat arlotan dauden lan-gatazkak ixteko partidak proposatuko ditu.

Bilera gobernuarekin

Eva Lopez de Arroyabek adierazi du oso argia dela legegintzaldi honetan gizarte zerbitzuetan izan den inboluzioa, eta esan du «ez direla nahikoak Araban bizi garenok aurre egin beharko diegun erronketarako». Lortutako diru-bilketa errekorrarekin, gizarte-babesean ahalegin handiagoa egin beharko zatekeela uste du. Eta horixe da ahaldun nagusiari helaraziko diotena, datorren astelehenerako hitzartu duten bileran

«EH Bilduk, zuzenketa hauekin, honako hauek lortu nahi ditu: babes sozialean inbertitzea, pertsonen zaintza behingoz erdigunean jartzea, eta guztiontzako bizitza duina bermatuko duten politika sozialen alde egitea», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.