AKTUALITATEA


| 2024-05-02 09:38:00

Gazteriaren Foru Erakundearen zerbitzuetan murrizketak egin direla salatu du langile-komiteak, horien artean gaueko txalupa-zerbitzua, larrialdiak artatzeko ezinbestekoa dena

Araba. 2024-05-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Kultura diputatuaren agerraldi eskaera erregistratu du Batzar Nagusietan, Zuhatzako irlarako gaueko txalupa zerbitzua kentzeari buruzko azalpenak eman ditzan, sindikatuek egindako salaketa baten harira: hainbat murrizketa egin ditu Kultura Sailaren mendeko Gazteriaren Foru Erakundeak, eta besteak beste, gaueko zerbitzu hori kendu dute. Sindikatuek gogora ekarri dute zerbitzu hori ezinbestekoa dela irlan gauez gerta litezkeen larrialdiei aurre egiteko.

«Kezka handiz jakin dugu Gazte Foru Erakundeak erabaki duela, beste murrizketekin batzuekin batera, Zuhatzako txaluparien gaueko ordutegia ezabatzea, hots, zerbitzurik gabe uztea bertan egongo diren pertsonak gaueko 10:00etatik goizaldeko 06:00ak arte», esan dute EH Bildutik.

Orain arte zerbitzu horrek ahalbidetzen zuen, egun osoan zehar larrialdi bat egonez gero (bertako ume edo heldu baten istripu traumatiko bat, esate baterako), jendea modu azkarrean ebakuatu ahal izatea. «Denboraldi honetan, berriz, gauez praktikan irlan egongo diren pertsonak guztiz isolaturik geratuko dira, eta larrialdi bat gertatuz gero, kanpoko laguntza eskatu beharko dute, honek ezinbestean eragingo duen atzerapenarekin artapen medikoa edota bestelakoa jasotzerakoan».