Ikuspegi luzeko estrategia agroalimentarioa diseinatzearekin batera, berehalako talka-plana abiatzea ere eskatu du EH Bilduk, Arabako nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategi txikien iraupena bermatzeko
Araba. 2024-02-08 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Arabako Kontseilu Agroalimentarioa eratzea proposatu du gaur, lehen sektorearen egoera latza arintzeko helburuarekin.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak azaldu du erabat ulergarriak direla egunotan lehen sektoreko langileak egiten ari diren mobilizazioak: «Lehen sektorea mobilizazio historikoak egiten ari da, baina aldarrikapenak ez dira berriak: aldarrikapenak ere historikoak dira. Eta historikoak dira historikoki ez dutelako izan erantzunik, eta horrek agerian uzten du nekazaritza-politiken porrota: jabe handien eta oligopolio handien aldeko politikak izan dira, nekazaritza-eredu familiarra, hurbilekoa ia hiltzear utzi dutenak».
«Gaur egun, lehen sektorea, elikatzen gaituelako funtsezkoa izan arren, sektore subsidiatua da, ikusezina, eta, bere gogoz kontra, dirulaguntzen mende dago, mantendu eta biziraun ahal izateko», esan du Lopez de Arroyabek. Horren aurrean, EH Bilduk urteak daramatza lehen sektoreak Araban duen zeregin funtsezkoa aldarrikatzen, baina «hitzez harago, praktikara pasatzeko garaia» dela uste dute. Ildo horretan, 2022an EH bilduk aurkeztutako Uztarab plana gogora ekarri du, non 18 neurri plantetazen ziren Araban elikadura-subiranotasunean aurrera egiteko.
Epe luze eta laburrera
Kontseilu Agroalimentarioaren zeregin nagusia izango da Arabarako estrategia Agroalimentarioa diseinatzea, lehen sektoreko gizarte-eragileekin eta eragile ekonomikoekin elkarlanean. Epe luzeko ikuspegia izango du, eredu agroalimentarioan aldaketak egiteko, elikadura-burujabetza ipar hartuta.
Epe luzeko ikuspegiarekin batera, EH Bilduk epe laburreko neurriak ere proposatu ditu. Hala, berehalako talka-plana abiatzea eskatu du, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien bideragarritasuna bermatzeko. Horretarako, besteak beste, dirulaguntza eta baliabideetarako leihatila bakarra proposatu dute, izapideak errazteko.
Azkenik, gobernuei eskatu diete Elikagaien Katearen Legea bete eta betearaztea, lehen sektoreari prezio duinak eta bidezkoak bermatzeko bide gisa. «Lurraldean dugun erronka bati erantzun argiak emateko garaia da, erronka ekosozialari. Eta horretan, lehen sektoreak protagonista izan behar du, herritarrentzako elikagaiak ekoizteko ez ezik, baita lurraldearen kudeatzaile eta zaindari gisa ere», esan du Lopez de Arroyabek.