Araba. 2023-02-14 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Gizarte Ongizateko diputatuaren agerraldia eskatu du batzordean, adimen-desgaitasuna duten adinekoak 65 urte betetzean ordura arte bizi izan diren egoitzez bestelako baliabideetara eramateko erabakia azaldu eta baloratu dezan. Egungo araudiarekin, Arabako gizarte-zerbitzuen sisteman artatutako pertsonek 65 urte betetzen dituztenean, adinekoen arlora aldatzen dira, eta horrek, besteak beste, adinekoentzako baliabideetara lekualdatzea dakar.
EH Bildu Araba batzarkide-taldea hainbat aldiz bildu da kolektibo horretako familiekin, eta jakinarazi diete lekualdaketa horietako batzuk mesfidantzaz hartu dituztela familiek eta erabiltzaileek. Pertsona batzuek urte asko zeramatzaten etxebizitza berberetan bizitzen. Etxebizitza horiek «beren etxek propiotzat» jotzen zituzten, eta zentro askoz handiago batera lekualdatu ondoren, ez ziren behar bezala betetzen pertsona horien premia espezifikoak.
Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak adinekoen eta haien familien borondatea errespetatzeko eskatu du: «Ezin ditugu pertsonak eta zerbitzuak espazio estanko gisa ulertu. Behar fisiko eta emozional guztiak asetzen dituen etxebizitza batean hamarkadak daramatzan pertsona batek 65 urte betetzen dituenean, zergatik eraman behar dute egoitza batera? Non geratzen da beste esparru batzuetarako hainbeste aldarrikatzen duten arreta pertsonalizatua eta hurbila?».
Venceslaok adierazi duenez, EH Bilduk defendatzen du «gizarte zerbitzuen erabiltzaileak euren bizitzaren protagonista izatea eta beraiek erabakitzea». Venceslaoren iritziz, «lekualdatze horiek ez dute soilik EAJ-PSEren eredu pribatizatzailea erakusten, Foru Gobernu honek pertsonei arreta emateko etxeko lanak egin gabe jarraitzen duela ere agerian uzten dute». «Egoitza-plazen eta eguneko plazen falta larria da, kolektibo horren eta bere familien beharrak areagotu egiten dira, eta Foru Erakundeak erantzun egokiak eta adostuak eman behar ditu erabiltzaileekin», amaitu du.