Baskoniak Tel Aviveko Maccabiren aurka jokatuko du gaur eta hori dela eta, EH Bildu Arabak errefusatu egin du talde israeldarraren presentzia Gasteizen. "Historikoki, sionismoak bere portaera justifikatzeko eta bere irudia garbitzen saiatzeko erabili du kirola, eta azken hilabeteetan Maccabiko zuzendaritza eta jokalariak Israelgo armadari laguntzeko kanpainetan aktiboki parte hartzen ikusi ahal izan ditugu. Horregatik, argi utzi nahi dugu ez dela ongi etorria, Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi diogu eta giza eskubideak errespeta daitezela eskatu nahi dugu", nabarmendu du Xabi Valdor EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak.
Valdorrek gogorarazi du milaka direla Gazan eraildako pertsonak, beste milaka desplazatuak eta beste milaka dena galdu dutenak, euren etxeak barne. Bitartean, Estatu Batuetako presidenteak Gaza berarentzat hartu, milaka palestinar beste herrialdetara erbesteratu eta resort erraldoi bat egiteko asmoa plazaratu du eta Israelgo gobernua plana aurrera eramateko lanean jarri da. Astakeria horren aurrean, EH Bilduk nazioarteko komunitateari eskatu dio ez dezala bere erantzukizuna saihestu, "legez kontrakoa, bidegabea, onartezina eta nazioarteko legeriaren aurkakoa delako". "Palestinak bere lurran eta bere estatuan bizitzeko eskubidea du", esan du.