Galderak helarazi dizkio Mugikortasuneko diputatuari, koordinazioa hobetzeko asmorik badagoen jakiteko eta egoerak noiz arte iraungo duen jakiteko
Araba. 2024-11-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat galdera helarazi dizkio Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuari, Martiodako errepideko lanetan deskoordinazioa egon den jakiteko.
Azken hilabeteotan, A-3302 errepideko lanen ondorioak pairatzen ari dira Martioda, Otogoien eta Otobarrengo biztanleak. Hori dela-eta, Gasteizera joateko buelta eman behar dute Mendoza aldetik (Gasteizko hegoaldetik sartzeko) edo Uribarri-Dibiñatik (iparraldetik sartzeko). Hori gutxi balitz, eta Margarita aldean egiten diren obren ondorioz, A4302 errepideko errei bat itxi ere egin da, eta ibilgailuek txandaka zirkulatu behar dute errepide horretatik semaforo batek erregulatutako eremuan.
Horren ondorioz, «puntako orduetan auto pilaketak gertatzen ari dira, horrek dakartzan ondorio eskasekin, hala nola lanera edo eskolara berandu iristea edota berandu ez iristeagatik goizago etxetik atera behar izatea, ume txikien kasuan are problematikoagoa dena», esan du Iñaki Ullibarri EH Bildu Arabako batzarkideak.