AKTUALITATEA


| 2023-02-07 11:45:00

Araba. 2023-02-07 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Nekazaritza Batzordean eztabaidatzeko mozio bat erregistratu du gaur tokiko erleak babesteko eta eztigintza sektoreari laguntzeko.

Joan den astean, Arabako erlezaintzako hiru elkarteek gogora ekarri zuten erleen eta polinizatzaileen garrantzia bioaniztasunerako, ekosistema naturaletarako eta nekazaritza iraunkorrerako  Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Azaldu zuten Araban erle beltza (Apis mellifera iberiensis) dela nagusi, baina azken boladan ustez produktiboagoak diren kanpoko espezieak ekarri eta zabaltzen hasi dira, eta ondorioz bertako erleekin hibridatzen ari dira, horrek dakarren ahuleziarekin

Horrez gain, salatu zuten klima larrialdiak kalte handia eragin duela erlauntzetan: klima lehorrak ezti uztaren %60ko murrizketa  eta erlauntza ugariren desagerpena ekarri ditu. Bizitzaren garestitzeak ere eragina izan du eztigintza sektorean: batetik, izandako osasun arazoek tratamendu gastuak handitu dituzte, eta bestetik, behar diren material guztiak (beira, kaxak, elikagaiak, gasolioa…) izugarri garestitu dira. Gogoratu behar da 400dik gora erlezaintza ustiategi daudela Araban.

Erlauntzen errolda

EH Bilduren mozioan Foru Aldundiari eskatzen diote Arabako erlauntzen errolda ikuskatzeko eta egiteko, erlauntza horien ezaugarriak eta osaera adierazita, eta neurriak har ditzala bertakoak ez diren erle espezieak Araban erabiltzea eta merkaturatzea eragozteko.

Horrekin batera, Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete abeltzaintzako laguntza planetan erlezaintza sektorea kontuan hartzeko, eta erleen babesari eta garrantziari buruzko sentsibilizazio kanpainak egiteko, basa-erleen habitat eta neurri onuragarriak bultzatzeko.