AKTUALITATEA


| 2021-09-29 11:23:00

EH Bilduk energia berriztagarrien hedapen ordenatua eta kontrolatua eskatu du, Eusko Jaurlaritzak Arkamun eta Iturrietan bi zentral eoliko eraikitzeari uko egin diola jakin ostean. "Hilabeteak daramatzagu ohartarazten plangintza eta kontrol faltak proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak kontrolik gabe ugaritzea eragin zutela. Horregatik, albiste ona da Arkamun eta Iturrietan aurreikusitako zentral eolikoak ez eraikitzea, baina oraindik lan handia dago egiteko lurraldearen deskarbonizazioan aurrera egiteko. Bide horretan, alderdi politiko eta sozialekin akordioak lortzea ezinbestekoa izango da", azpimarratu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.

Hori dela eta, EH Bilduk energia eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala izateko beharra azpimarratu du. Hori zen, hain zuzen ere, EH Bilduk proiektu horiei aurkeztutako alegazioetako bat. Era berean, gogorarazi zuen bereziki babestutako eremuak zirela, biodibertsitatean eragin itzulezinak zituztela eta aurkakotasun sozial zabala zutela. 26 tokiko erakunde eta 24 gizarte eragile, gutxienez, kontra agertu dira. Horri gehitu behar zaizkio Mendiak Aske plataformak jasotako 15.000 alegazio baino gehiago. "Aktibazioak eta erantzun sozialak fruituak eman dituzte, orain trantsizio energetiko egoki eta orekatu bat adosteko lanean jarraitu behar dugu", gaineratu du Fernandez de Pinedok.

Azkenik, EH Bilduk gogorarazi du Arabako lurraldearen deskarbonizazioan aurrera egiteko proposamen bat jarri duela mahai gainean, 2050erako Araba karbonoan neutroa izatea helburu duen lan-dokumentu bat.