AKTUALITATEA


| 2021-03-14 09:11:00

EH Bildu-k Nekazaritza Diputatuari zuzendutako interpelazioa erregistratu du Arabako Aldundiak nagusiki Aiaraldean ematen ari den eukaliptoaren hedapenaren inguruko argipenak eskatzeko.

Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak gogoratu duenez, azken hilabeteetan, batez ere Aiaraldeko Kuadrillan, oso azkar zabaltzen ari dira eukaliptoen landaketak mendietan. Hori dela eta, orain dela aste gutxi Nekazaritza Batzordean EHU-ko irakasle eta aditua den Arturo Elosegik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren aginduz, eukaliptoek ingurumenean duten eragina zehazten duen txostenaren ondorioak aurkeztu zituen. 

Aipatutako batzordean Elosegi jaunak eukaliptoek basoetako biodibertsitatean, ur sistemetan eta ekosistemetan duten eragin negatiboez eta kalteez ohartarazi zuen, baso politika iraunkorra sustatzearen garrantzia nabarmentzearekin batera.

Orain, beraz, EH Bildu-k Foru Diputatuari eskatu dio balora dezala Aiarako Kuadrillan ematen ari den eukaliptoen hedapena, eta azal dezala zein neurri aurreikusi dituen Aldundiak eukaliptoen hedapenari aurre egiteko eta  basoen kudeaketa iraunkorra sustatzeko.