AKTUALITATEA


| 2025-12-11 19:05:00

Araba. 2025-12-11 | ELA sindikatuak iragarri du patronalarekin akordio bat lortu dutela gaur, egoitza pribatuetarako eta etxebizitza komunitarioetarako Arabako lehen hitzarmena sinatzeko. Gaur bertan, langileek beste greba-egun bat izan dute, sei urteko borroka ziklo luzearen baitan.

Iazko abenduan, EH Bilduk 6 milioi euro mobilizatzea lortu zuen 2025eko aurrekontu akordioan, hitzarmen hori sinatzeko. Horrek bide bat irekitzea ekarri du, eta badirudi orain, urte amaieran, gauzatu egingo dela.

Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak alde guztiek egindako lana aitortu nahi izan du eta «borrokak merezi» duela azpimarratu du, xehetasun gehiago jakiteko zain. «Zalantzarik gabe, alderdi guztiek jarraitutasunez eta seriotasunez lan egiten dutenean, akordioak lortzen dira. Borondate kontua da».

Akordio honen bidez, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek lan-baldintzak hobetu ahal izango dituzte, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoeneko baduten baina Araban orain arte egon ez den hitzarmen probintzial bati esker. «Sindikatuek aurrera eramandako sei urteko borrokaren ondoren, pozik gaude langileek azkenean baldintza eta soldata duinak izango dituztelako». «EH Bildutik gure aletxoa jarri genuen, Batzar Nagusietan ekimenen bitartez eta 2025eko aurrekontu akordioan egindako ekarpenen bidez, Aldundiak negoziazio honetan bere ardura erabakigarria bere gain har zezan. Gaur, azkenik, ziklo berri bat irekiko da egoitzetako langile guztientzat eta lurraldeko kalitatezko zaintzetarako», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.