AKTUALITATEA


| 2022-01-24 09:47:00

Barrundiako Udalak atzo onartu zituen 2022rako aurrekontuak. Guztira, 1.021.000 euroko aurrekontua izango du eta, horrez gain, 68.800 euroko inbertsio plan bat ere izango du. Aurtengo ekitaldirako aurrekontuen %18a inbertsioetara bideratuko da. Atal horretan, besteak beste, aurreikusten dira 35.000 euro Euskaldun Beri Plazako jolas gunea birgaitzeko, beste 4.000 euro Eskola Txikiko altzariak erosteko, 106.000 euro Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egiteko eta beste 40.000 euro Patioko Bentako gunea eraikitzeko. Azken bi horiek ez dira 2022an guztiz exekutatuko. Plan Orokorreko lanak lau urtez luzatuko dira eta guztira 267.000 euro inbertituko dira bertan. Patiko Bentaren proiektua gauzatzeko diru-laguntzak eskatu ditu Barrundiako Udalak.

Bestalde, inbertsio planean jasota daude 15.000 euro haur eskolan eguzki plakak jartzeko, beste 29.000 euro Eskola Txikiko ikasgelak berritzeko eta beste 15.000 euro Heredia eta Zuhatzaolaren arteko bidea konpontzeko.

Barrundiako Alkatea Igor Medinak azaldu duenez, ekitaldi honetarako aurrekontua “baliabideak hobetzera bideratuta dago gastu arrunta kontrolatuz eta arrazionalizatuz”. Baina nabarmendu duenez, “murrizketa ekonomikoak egiten ari diren garai honetan zerbitzu publikoen funtzionamenduari eutsi nahi diogu eta horrekin, batera, herriak dituen lehentasun eta erronkei erantzun”. Testuinguru honetan hezkuntza azpiegiturak eta trantsizio ekologikoa finantzatzeko gorde dira hain bat aurrekontu-sail.

Azkenik, aipatu behar da musika eta euskara ikasteko bekak eskaintzeko 9.000 euro izango dituela Barrundiak, 2.300 euro gorde direla Euskaraldia kanpaina sustatzeko edota 6.000 euro jasoko dituela Ozaetako Kontsumo Elkarteak egun dagoen Ekonomatoaren mantentze lanak jarraitzeko helburuarekin. Arabarrak Kirol Taldeak 3.800 euro izango ditu txirrindularitza froga antolatzeko eta Garaion elkarteak beste 4.6000 euro jasoko ditu kultura programa aurrera eramateko.