AKTUALITATEA


| 2020-04-22 12:28:00

Aste batzuk itxita egon ondoren, Asparrenako herritarrek berriro erabil ditzakete Udalaren baratza komunitarioak. Hori bai, COVID 19ren krisia amaitu arte indarrean dagoen araudi berriarekin egingo dute. Izan ere, Asparrenako Udalak herri-baratzen komunitarioak erabiltzeko prebentzio neurriak hartu ditu. Ondorioz, hemendik aurrera pertsonak bakar bat joan daiteke garrantzitsuak diren lanak egiteko eta beharrezkoa den denbora erabili beharko da, hau da, ezin izango da egunean behin baino gehiagotan joan. Segurtasun distantzia minimoa mantendu beharko da, eskuak ondo garbitu eta erreminta komunitarioak erabiliz gero desinfektatu beharko dira aurretik eta ondoren.

Negutegiak erabilpenerako neurri zorrotzagoak izango ditu lekua itxita dagoelako. Kasu honetan maskarilen erabilpena gomendatzen da negutegiaren barruan eta eskularruen erabilpena derrigorrezkoa izango da. Gehienez, 5 erabiltzaile egon daitezke negutegi bakoitzaren barruan eta inoiz ez bi leku jarraituetan, segurtasun distantziak mantentzeko helburuarekin. Hau errazteko, whatsapp taldea erabiltzea gomendatzen da, ordutegiak antolatze aldera.

Duela egun gutxi batzuk, alarma dekretuaren azken eguneraketaren ondorioz, baimendu zen baratzetara joatea. Egoera berria ikusita herri-baratza komunitarioa erabiltzeko araudi berezia onartu du Udalak. “Baratza partikularra dutenek ez dute arazorik izango lantzeko beti ere herrian bertan badaude baina besteotan gutxieneko arauak zehaztea beharrezkoa ikusi dugu”, azaldu du Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak.

Gogora ekarri duenez, duela hamarkada bat baratza komunitario horiek martxan jarri zirenetik, oso harrera ona izan dute herritarren artean. Guztira, Udalak 20 ortu daude eta guztiak okupatuta daude. Gainera, baratza ekologikoak dira, eta debekatuta dago pestizidak eta intsektizidak erabiltzea. "Horrelako egoera batean begi onez ikusten dugu gure auzokideek baratzeak berriz erabili ahal izatea, sasoiko produktuak, bertakoak eta ekologikoak ekoizteko eta kontsumitzeko", nabarmendu du Auzmendik.

Ortuen gune guzietan eskularruak erabiltzea beharrezkoa da eta latez, nitrilo edo plastikozkoak erabiliz gero errefusaren kontenedorean botatzea eskatzen da, ahal izanez gero, poltsa baten barruan.