AKTUALITATEA


| 2019-10-07 12:25:00

Ramiro Gonzalezen gobernuaren lehen 100 egunak “hutsean” pasa dituela salatu du Arabako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeko Kike Fdez de Pinedok.

EH Bilduren esanetan, politika eraginkorra izan beharrean, moteltasuna eta geldotasuna izan dira Gobernu honen ezaugarri nagusiak. “Bizkleta estatikoan egoteaz gain, pedalei eragin gabe dago Gobernua”. Kontutan izan behar da Ramiro Gonzalezen izendapena eta inbestidura uztaila hasieran izan zirela eta hiru hilabete igaro direnean ez dugu oraindik gobernu planik ezagutzen. “Ez dugu ulertzen epeen luzamenduak, eta diputatuen agerraldiak urriaren 14ra arte luzatzea”, gaitzetsi du.

Bitartean, ordea, EAJ eta PSEren arteko akordioan argi geratu da lanpostu eta aulkien banaketak izan duela zentralitatea; edukiek, ordea, ez. Araban, behar eta erronka ugari egon arren, bultzatu eta iragarritako akordio bakarra “lotsagarri” gisa definitu du, aurreko astearteko lehen neurri politikoa ekarriz gogora zeinetan talde politikoei 650.000 euro gehiago ematea eta aholkulari kopurua igotzea adostu zuten PNVk, PSEk eta PPk. EH Bilduren ustez, akordio hau PPren onurarako izango da, popularrek aholkulari kopurua bikoiztu baitute. “Argi dago hor mesede egin zaiola PPri zerbaiten truke, izkutuko akordioaren itxurapean. Hau ez da behar dugun politika, hau politikeria hutsa da”.

Konpondu gabeko arazoak eta erronka ugari aurretik

“Eta bitartean, zer dakigu Gobernu programaren inguruan?”, galdetu du Fernandez de Pinedok. Arabak dituen premiazko erronketan aurrerapausurik ez dagoela ikusita, hiru lehentasun jarri ditu mahaiaren gainean EH Bilduk: klima aldaketa, zerbitzu sozialak eta fiskalitatea.

Klima aldaketaren larrialdia dela eta, “informaziorik eta proposamenik ez” duela salatu du Fernandez de Pinedok.

Zerbitzu sozialen beharrei dagokienez, arazo handiak gogoratu ditu: “Dakigun bakarra da adin gutxikoen atalean, kaxoi batean izan dutela Oviedoko Unibertsitaeak egindako txosten independientea. Izan ere, txosten honek Gobernuari koloreak ateratzen dizkio.  Agerian uzten du konpondu gabeko arazo larriak daudela, zerbitzuak gainezka daudela eta zerbitzuak berregituratu behar direla”.

Eta, fiskalitateari dagokionez, ez dago hau sakonki aldatzeko planik. Aldiz, Arabako Diputazioak egin zuen bakarra Bizkaiko Diputazioak iragarritako aldaketa -Atlheticeko jokalariei eta beste batzuei zuzenduta- aztertzea izan zen, beharrezkoa izatekotan gure herrialdean hau ere ezartzeko.

Azkenik, kezkatuta agertu da EH Bildu taldeko bozeramailea orain arte Gobernuak erakutsitako jarrerarekin. Salatu duenez, oztopoak jarri dizkio oposizioaren kontrol lanari, mahaian “erabaki partzail eta alderdikoiak” hartu dituztela argudiatuz: “Oso jarrera harroa erakutsi du, arrabol baten tankera funtzionatuz”.