Aiaraldearako estrategia zentro bat sortzea proposatuko du bihar EH Bilduk. Arabako Foru Aldundiak eskualdearen garapen industrialerako deitu duen mahaian egingo du, baina EH Bilduren iritziz, mahai hori herren jaio da, Bizkaiko Foru Aldundia eta eskualdeko udalerri bizkaitarrak kanpoan uzten dituelako.
Eva López de Arroyabek, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean egin zen ponentziaren ondorioetan jasota zegoela horrelako foro bat sortzea. Izan ere, EH Bilduk proposatu zuen 2021ean eskualdeko estrategia zentro bat sortzea Ernaberri Aiaraldea planaren baitan.
Eskualde-ikuspegia duen zuzendaritza bateratu bat da, eta eskualdeko ekonomia suspertzeari eragiten dioten politika guztien diseinua eta aplikazioa gidatu, jarduerak koordinatu, lankidetzan jardun eta zerikusia duten erakundeekin hitzartu behar ditu. Foro horrek elkarrekin lan egin behar du lurraldearen garapen orekatuaren alde, indarrak batu, elkarrekiko konfiantza landu eta udalerrien arteko lehiaketa-dinamikak baztertu.
"Badira bost urte eskualde naturaleko udalerri guztiak bilduko dituen eta eragile ekonomiko eta sozialak ere bilduko dituen organo bat sortzeko beharra planteatu genuela. Uste dugu denbora ederra galtzen ari garela eskualde honetako industriaren beharrezko dibertsifikazioari eta deskarbonizazioari ekiteko, eskualdearen benetako biziberritzea bultzatzeko", adierazi du López de Arroyabek.