AKTUALITATEA


| 2026-09-22 11:32:00

Amaitu dira Antsoaingo jaiak, eta berriro ere erakutsi digute zer den herri bat egitea: elkarrekin parte hartzea, gozatzea, zaintzea eta auzolanean aritzea. Jai hauek alaitasunez, errespetuz eta elkarbizitzaz bizi izan ditugu. Herritar guztien ekarpenari esker, giro ederra izan dugu, eta jaiak istilu nabarmenik gabe ospatu dira. Horrexegatik, eskerrik asko, Antsoain.

 

Eskerrak eman nahi dizkiegu gazteei, jaietan gure herriko kaleak eta txokoak gehien bizitzen baitituzte. Aurten, gainera, argi erakutsi dute festa eta errespetua eskutik joan daitezkeela: ingurua ahalik eta garbien utziz, bizilagunen atsedena errespetatuz eta musika herritik kanpo, industrialdean, jarraituz. Txoznetako bolondres guztiek ere ez dute atsedenik hartu eta animoz beterik egunak girotu dituzte.

 

Antsoain ez da gazterik gabe ulertzen, ezta gure adinekorik gabe ere. Haien bazkariak, dantzak, jotak eta urteetan zehar mantendu dituzten ohiturak gure jaietako ardatz dira. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den herri baten memoria eta izaera dira. Eta hor daude, baita ere, herri honen esentzia bizirik mantentzeko auzolanean aritzen diren auzokideak, besteak beste, paellak prestatzen, musika antolatzen eta herriko bizitza sustatzen.

 

Belaunaldi berriak ere ikusi ditugu protagonismoa hartzen: erraldoien eta kilikien atzetik korrika dabiltzan txikiak, zezen-suzkoaren zain egoten direnak, kaleak ilusioz betetzen dituztenak. Bide batez, eskerrak ere konpartsa eta gaiteroei. Haiek dira gure etorkizuna eta herri honek aurrera egiteko duen arrazoi nagusia. Haiei ere transmititu nahi diegu zer den Antsoaindarra izatea: herria zaintzea, parte hartzea, elkar errespetatzea eta auzolanean aritzea.

Horregatik guztiagatik, eskerrik asko jai hauek posible egin dituzuen herritar, elkarte, kuadrilla, gazte, adineko, txiki eta udaleko langileei. Jaiak eta herria herritarrok egiten ditugu, elkarrekin.

 

Bukatzeko, harrotasunez esan dezakegu emakumeen aurkako indarkeriarik zein eraso sexistarik gabeko eta errespetuan oinarritutako jaiak bizi izan ditugula. Jai seguruak eta inklusiboak nahi ditugu, eta bide horretan urratsak ematen jarraituko dugu.

 

Maizterrek pregoian esan zuten bezala:
Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko.
Eta Antsoainek, aurten ere, dantzan jarraitu du.
Eskerrik asko, Antsoain.
Gora Antsoain eta gora gure jaiak!