Etxebizitzarako sarbidea benetako larrialdi sozial bihurtu da. Etxebizitza merkatuaren logika espekulatiboaren menpe dagoen lekuetan, etxebizitzen prezioak soldatak baino askoz gehiago igo dira, bai erosketan, bai alokairuan.
Horregatik, etxebizitza herritarren kezka nagusiena bihurtu da. Eta tamaina honetako arazo baten aurrean, merkatuan esku hartzeko eta espekulazioari mugak jartzeko gai diren politika publikoak behar dira.
Zentzu horretan, Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremuak izendatzea da gaur egun horretarako dugun tresna nagusietako bat. Esku-hartze publikoko tresna bat da, neurri gabeko espekulazioa bultzatzen duen merkatu batean eragiteko eta herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarri bat izateko duten eskubidea babesteko aukera ematen duena.
Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatu diren 21 udalerrietatik 9, EH BILDUk gidatutako udal gobernuen esku daude. Izendapena egin zenetik, eskuz esku aritu gara Etxebizitza Departamentuarekin lanean, Plan Espezifikoak zehazten eta herritarrak babesteko neurri zehatzak martxan jartzen. Neurri horiek emaitzak ematen ari dira, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Neurriak aplikatzen hasi zirenetik alokairuen prezioek beheranzko joera argia dute, % 5etik gorako jaitsierekin.
Hala ere, Nafarroako Sustatzaileen Elkarteak, bere interes ekonomikoak bultzatuta, Izendapen horren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia aztertzen ari da Gobernuak 21 udalerri horiek Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatzeko jarraitutako prozedura zuzenbidearekin bat datorren ala ez.
EH BILDUtik argi utzi nahi dugu ez dugula atzera pauso bakar bat ere emango etxebizitza eskubidearen defentsan. Horregatik, Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremuan guk gobernatzen ditugun udalerrietan, irekitako auzibidean pertsonatu gara, etxebizitzaren merkatuan esku hartzea defendatzeko. Eta oposizioan gauden udalerrietan, udal gobernuei gauza bera egiteko eskatuko diegu, beren herritarren eskubideak defendatzeko eskatuz.
Izan ere, etxebizitzaren merkatuan politika publiko ausartekin esku-hartzea, pertsonen etxebizitza eskubidea espekulatzeko interesen gainetik jartzea da. Etxebizitza merkatuak huts egin du; politika publikoen garaia da.