AKTUALITATEA


| 2023-05-29 11:49:00

2019. urteko udal hauteskundeetako gaua ahaztezina izan bazen, zer esan atzokoaz. Berriz ere gure marka propioa hautsi eta inoizko hautagaitzarik bozkatuena izan gara, bai boto kopuruan eta oraingoan baita boto portzentaian ere.  Garaipen sendo honek merezi zuen atzo egin genuen ospakizuna, ez baitira errazak izan azken lau urte hauek EHBildu osatzen dugunontzat.

Baina ospakizunak alboratu eta lanean hasteko eguna da gaurkoa. Emaitzak ondo aztertu eta irakurri behar ditugu, baita parte hartzearenak ere, nola ez. Eta horrekin batera etorkizun hurbila planifikatzen eta antolatzen  hasi behar gara denbora galdu gabe. Hori dela eta, asteazkenean gure Mahai Politikoa elkartuko dugu, eta bertan erabakiko ditugu datozen egunetako zeregin guztiak.

Lehen balorazio honetan andoaindarrei gure eskerrak ematearekin batera, emaitza hauek apaltasun eta ardura osoz hartzen ditugula esateko baliatu nahi dugu. Jakitun gara azken urte hauek nolakoak izan diren herritar askorentzat. Testuinguru ekonomiko eta sozial gogor bat ari gara bizitzen, eta Andoaingo udalak dituen eskumenekin lehentasunak argi izan behar ditu.

EHBildu udal gobernu sendoa osatu nahi du, eta horrela izango da. Datozen lau urteak erabakigarriak dira urgentzia handiko gai askorentzat, baita ere Andoainek behar dituen proiektu estrategikoak bideratzeko, eta horretarako arin eta sendo funtzionatuko duen gobernua nahi dugu.

Gobernantza kolaboratiboan sienesten dugu. Horrela egin dugu iraganean gobernatu dugunean, eta horrela egingo dugu oraingoan ere. Udaleko alderdi guztiekin elkarlana izan nahi dugu, alderdi guztien iritzia eta begirada kontuan hartu nahi ditugu. Horretarako nola ez, ohikoa den bilera erronda egingo dugu alderdi politiko guztiekin.

Baina udal gobernu berriak herritarren eta herriko elkarte aktiboen parte hartzea izango du ardatz gisa. Azken urteotan eta batez ere kanpainan agindu duguna egingo dugu, eta horretarao herriko elkarteen parte hartze aktiboa bilatuko dugu.