Albisteak

Urrutikoetxea berriro atxilotu izana ulergaitza dela uste dute EH Baik eta EH Bilduk

EH Bildu | 2019-06-19 20:12:00

EH Baik eta EH Bilduk gure haserrea adierazi nahi dugu ohar honen bidez. Ez dugu ulertzen, Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske utzi ostean, berriz atxilotu izana Euroagindu eskaera batengatik. Erabaki guztiz ulergaitza da.

Atxiloketa honek ez du bat egiten Euskal Herrian bizi dugun bake prozesuarekin ez eta orain dela ordu batzuk hartutako erabakiarekin. Erabaki politiko honek frogatzen digu oraindik ere badela gatazka eta bere konponbidea etekin politikoa erdiesteko helburua dutenik. Bada gatazkaren irtenbidea “galtzaileen eta garaileen” logikan ulertzen dutenak. Bada, oraindik ere, bakea eta demokrazia soilik bere ikuspegitik eta bere interesetarako ulertzen dutenak. Horren erakusle da arratsalde hontako atxiloketa.

Euskal Herriko gizarte zibilaren zein eragile politikoaren gehiengoak, behin eta berriz, bake prozesuaren aldeko apustua berretsi dutenean, estatuek ez dute testuinguru berri honek eskatzen duen aldaketa egiten.

Frantziar eta Espainiar estatuari zuzentzen gara beste behin ere, eta bakearen aldeko urrats definitiboak egin ditzaten exigitzen diegu.

Josu Urrutikoetxearen aurkako euroagindua bertan behera gelditzea eskatzen dugu eta berehala aske uztea exijitzen dugu.